Herriko irisgarritasuna hobetzeko lanak burutzen ari dira Ibarran

Maier Ugartemendia 2014ko ira. 25a, 10:00

Lehen fasean espaloiaren alde bat egokitu dute, baina orain pareko esploian hasiko dira lanean

Azken asteetan Ibarrako Euskal Herria kaleko 38-42 zenbakien arteko espaloia berritzeko lanetan ari dira, eta lan hauen helburua irisgarritasuna hobetzea da.
Hanot Karrera zinegotziaren arabera gune honetan lan egiteko beharra aspaldi ikusi zuten: «Irisgarritasunari dagokionez aspalditik detektatuta genuen puntu bat zen, oso espaloi estua zelako». Ondorioz, ingurune «korapilatsua» zen.
Lanak abuztu amaieran hasi zituzten, eta espero baino «luzeago» joan dira. Izan ere, «horrelako lan bat egiten duzunean errepide sailari eta urari abisatzen zaie. Gipuzkoako Urak-etik abisatu ziguten horko hoditeria zaharra zela esanez, eta lurra altxatu behar genuela aprobetxatuz Gipuzkoako Urak-ek ere hoditeria aldatzeko aprobetxatu du». Hortaz, ur saneamendua izan da lanak luzatzearen arrazoia.
Esan bezala, irisgarritasuna hobetu beharreko hainbat puntu «detektatuta» zituzten udaletik, eta horiek hobetzen ari dira azken urteetan: «Anbulatorio parean espaloi bat zabaldu genuen lehengo urtean, eta aurten hau zabaltzeko apustua egin dugu. Espaloi estuak zirelako eta bi umeen sila edo bi gurpildunen aulki bata bestearen aldamenetik pasatzeko zailtasunak zeudelako».
Azken asteetan lanean aritu diren espaloiko horma amaitzen ari dira egun hauetan, baina ez da egingo duten gauza bakarra. Gipuzkoako Diputazioarekin adostutako lanak dira, eta bertako egoerari erantzuna emateko bi aukera aurreikusten zituzten: «Espaloia errepidearen mailaraino jaistea edo espaloia zuzen jarraitzea eta zebrabidea brearekin altxatzea». Kotxeentzat «pixka bat deserosoa» izan daitekeen arren, bigarren aukeraren alde egin dute udaletik Karreraren esanetan.
Lehen fasearekin amaituta bigarrenari ekingo diote orain. Beste aldeko espaloian jarraituko dute lanekin: «Espaloia pixka bat altxatuko dugu eta metro bat atera errepidea aldera. Gaur egun zebra bidea pasatu behar duenak ez du ikusteko batere angelurik. Hortaz, espaloia aureratuko dugu angelua daukagun lekuraino».
Karreraren esanetan, lan bat egiteak «bestea eskatzen zuen». Lehenago edo beranduago egin beharreko lana izango zela ikusi zuten, horregatik azkenean «dena batera» egitea erabaki dute.
Lanak beste bi astetan amaitzea espero dute, baina bitartean herritarrek lan hauekin bizi beharko dute. Hala ere, herritarren aldetik kexak baino «zalantzak» jaso dituztela dio Karrerak: «Ikusi dute espaloiak ez zuela errepide maila jaisteko maldaxkarik. Alde horretatik, azalpena argia da espaloia ez dugu errepide mailara jaitsiko, baizik eta errepidea igoko dugu espaloiaren mailara eta hortaz, irisgarritasunaren aldetik ez da inongo arazorik egongo».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!