Gauzak argitze aldera, Ibarrako Udal Gobernu Taldeak honako hau dio:
28 kanalak beren idatzian honela dio, hitzez hitz, 2. puntuan: “Ibarrako udalean agintari berriak sartzearekin batera, indarrean zeuden dirulaguntza hitzarmena eta publizitate konpromisoak bertan behera geratu ziren. Hortik aurrera, gaur egun arte, hiru urte luze, ez dugu euro bat bera ere jaso aipatutako udaletik, ez dirulaguntza moduan, ezta publizitate kontzeptuan ere”.
Nork bere bideak aukeratzen ditu gauzak aireratzeko, baina iruditzen zaigu, ezertan hasi baino lehen, informazio egokia eta zuzena helarazi behar zaiola herritarrari, eta ez zaigu iruditzen oraingoan 28 kanalak hala egin duenik; izan ere, Ibarrako Udalak, eskura duen informazioaren arabera, 2012an (agintari berriak sartu eta urtebetera) 4.300 euro eman zizkion 28 kanalari diru laguntza moduan, eskualdeko beste hiru komunikabideri bezalaxe (orduan Hitza, Galtzaundi eta Txolarre) eta 580,56 euro publizitatean. Beraz…
Bestalde, 2012 hartan etorri zen, hain zuzen, aldaketa nabarmena: eskualdeko lau komunikabidek (Hitza, Txolarre, Galtzaundik eta 28 kanalak) Amasan, uztailaren 20an, egin zuten aurkezpen batean, laurak bat egiteko prozesua martxan jartzeko konpromisoa sinatu zuten eskualdeko udal ordezkariren aurrean (Tolosaldeko euskarazko hedabideen arteko oinarrizko adostasun dokumentua).
Udal ordezkariok oso begi onez ikusi genuen proiektua, nor bere aldetik ibili beharrean, eskualde honetan euskarazko euskal komunikabide sendo bat osatzeko aukera ezin hobea zelako. Kontuak kontu eta hainbat joan-etorri tarteko, 28 kanalak halako batean erabaki zuen ez sartzea proiektuan, gainerako hirurak hartarako pausoa eman eta gero. Ibarrako Udalak garbi zuen hasiera-hasieratik bat egite horri emango ziola dirulaguntza eta halaxe adierazi du behin baino gehiagotan. 28 kanalak hortik kanpo gelditzea erabaki badu, aurre egin beharko die horrek izan ditzakeen ondorioei. Nolanahi ere, Udal honek garbi utzi nahi du bat egite prozesuaren aldeko apustuari eutsiko diola eta berriro ere dei egiten dio 28 kanalari proiektu horretan sar dadin.
Ibarrako Udal Gobernu Taldea