Lauburu Ibarrak 5-2 galdu du Zaragozan

Tolosaldeko Ataria 2014ko ira. 22a, 17:56

Bigarren jardunaldian iritsi zaie porrota; partidak lehen 10 minutuetan alde egin die ibartarrei

Bi jardunaldi jokatu ondoren hamaikarren dago Lauburu Ibarra areto futbol taldea, Nazional B bigarren mailan. Lehen partida etxean jokatu eta irabazi egin zuten ibartarrek, baina bigarrengoan huts egin dute, Ebrosala taldearen aurka, Zaragozan.
Lehen 10 minutuetan ihes egin zien partidak eskualdekoei, hiru gol jaso ondoren. Hasi orduko, beraz, markagailua maldan gora zuten Lauburukoek. Mauro izan zen 3-1ekoa jarri zuen; 13. minutuan, David Uzkudunekin jokaldi borobila egin zuen Maurok.
Emaitza horrekin joan ziren aldageletara bi taldeak. Bigarren zatian ibartarrak etxekoak presionatzen hasi ziren, baina 4-1ekoa Ebrosalak lortu zuen. Etxekoak berriro jokoan nagusitzen hasi ziren golaren ondoren. Hala eta guztiz ere, ibartarrak ez zeuden etsitzeko, eta Maurok bere bigarren gola lortu zuen, markagailuan 4-2koa jarriz, partida amaitzeko 11 minutu falta zirela.
Hortik aurrera Ibarrak atzean sartu zituen zaragozarrak. Jokoan nagusi ziren moreak, baina kontra eraso batean, 5 eta 2koa lortu zuten Ebrosalakoek.
Sei minutu falta ziren partida amaitzeko, eta ibartarrek atezain jokalariarekin jokatzea erabaki zuten. Dena eman zuten, baina markagailua ez zen mugitu.
Laurubu Ibarrako bostekoa ondorengoa izan zen Zaragozan: Endika, Borja, Unai, Mauro eta Txipi. Bi golak Maurok sartu zituen. Horiez gain, ondorengo jokalariek era parte hartu zuten lehian: Garmenek, Davidek eta Loitzunek.
Hirugarren jardunaldiko partida berriro etxean jokatuko du Lauburu Ibarra taldeak. Oraingo honetan Pinseque taldea izango du aurkari. Ibarra bezala hiru punturekin dago sailkapen nagusian Pinseque. Lehen partida irabaztea lortu arren, bigarrena, etxean gainera, galdu egin zuten Santurtziren aurka 3-6ko emaitzarekin. Bi taldeen arteko berdinketa hurrengo asteburuan hautsiko da.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!