50 postutik gora bilduko dira Ibarrako piperraren azokan

Maier Ugartemendia 2014ko ira. 18a, 10:50

Piparra sustatzea helburu duen Ibarra 789 taldeak piperrari zuzendutako abesti bat sortu du, eta azokan aurkeztuko dute

Hauspoa elkarteak hamabosgarren urtez antolatutako Ibarra piperra eta azoka ospatuko dute igande honetan Ibarran. 10:00etan emango diote hasiera azokari, eta hiru gune ezberdinetan banaduta berrogeita hamar postutik gora izango ditu.Hauspoako Ixiar Arratibelek azaldu bezala, azoka jada «finkatuta» dago, baina urtero berrikuntzak sartzen saiatzen dira.
Aurtengo berrikuntzen artean dago Ibarrako piperra «bultzatu» eta «sustatzea» helburu duen Ibarra 789 taldeak sortu duen piperraren abestia, ataria.info web orrian entzun daitekeena. Abestiaz gain, «ekintza eta sorpresa asko» prestatzen aritu dira, eta horietako batzuk igandeko azokan aurkeztuko dituzte. Horrez gain, igandean Euskal Herri kalean egun hauetan ikusi ahal izan den piper erraldoiarekin argazkiak ateratzeko aukera ere jarriko dute.
Talde honek bi ildo nagusi jorratzen ditu: bata, Ibarrako piperra herriratzea eta bestea munduratzea. Lehenari lotuta sentsibilizazioa, herriko jakituaren bilketa, informazio bilketa eta herri lana egitean datza. Bigarreneanm produktuaren erabilpen berri eta desberdinetan oinarritzen da.
Hiru gune, 50 postu
Aipatutako kontuez gain, urtero bezala Ibarran askotariko postuak eta ekintzak aurkitu ahal izango dira. Hiru gunetan banatuta egongo da azoka. Emeterio Arrese parkean baserritarren produktuak eta abereak egongo dira ikusgai, eta horrez gain Euskal Herriko Piperraren V. topaketa, Ibarrako piperraren Euskal Herriko X. Lehiaketa Gastronomikoa, eta Tolosaldeko XVII. ezti lehiaketa ere izango dira.Eztiaren lehiaketako sari banaketa 12:30ean izango da, eta lehiaketa gastronomikoarena, 13:00etan.
Bigarren gunean, San Bartolome plazan, artisauak, tailerrak eta argazkiak egongo dira, besteak beste; guztia 10:00etatik 14:00etara. Gune honetan Ibarrako Merkatari Elkarteak ere bere lekua izango du, bi tailer eskainiko dituelarik, eta bertaratzen direnei ontzi bat eta hazi bat ere oparituko diete, euren etxeetan zer hazten den ikusteko.
Hirugarren gunean, Arantzazuko Amaren plaza inguruan, bazkari herrikoia egingo dute 14:30ean. Baina,honetaz guztiaz gain, herri guztian zehar nabarituko da festa giroa herriko eragileei esker. Alurr Dantza Taldeko dantzariak kalejiran ibiliko dira herri guztian zehar, eta baita Loatzoko musikariak ere. Txilibituk, berriz, taloak egingo ditu.
Jesus Peñagarikano, Ibarrako alkateak, eskualde osoari «gonbita» luzatu dio igandean Ibarrara joan eta azokaz eta Ibarrako piperraz gozatzeko.

Ibarratik Misio Taldea ere piparraren azokan izango da

Ibarratik Misio taldeak hainbat ekintza antolatzen ditu urtean zehar, India, Ekuador eta Hondurasen dituen proiektuak laguntzeko ditua lortzeko. Ekintza horien artean dago, piparraren azoka eta aurten ere Misio Taldeak bi postu jarriko ditu igandeko azokan.
Batean, lan egiten duten herrialdeetako artisautza artikuluak jarriko dituzte. Bestean, berriz, gastronomia produktuekin osatuta egongo da. Gainera, herriko tabernari eta dendariek eskainitako produktuekin osatutako saski bat ere zozketatuko dute.
Norbaitek Misio Taldeari egun horretan lagundu nahiko balio, beraiekin harremanetan jarri daiteke telefono hauetara deituz: 676 623 990 (Xabier) eta 650 416 949 (Marian).

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!