Lauburu 2014

Garaipenarekin hasi du denboraldia Lauburuk

Mikel Iraola 2014ko irailaren 15a

4-3 irabazi dio Mahastiak Labastidari, Maurok egindako hiru golei esker. Sufritutako garaipena izan da ibartarrena.

Lauburuk 4-3 irabazi zion Mahastiak Labastida talde errioxarrari larunbatean Belabietan. Ez zituen erraz jarri gauzak kanpoko taldeak, eta markagailua birritan berdindu ostean, lau minuturen faltan lortu zuen 4-3koa.

Norgehiagoka indartsu hasi zuten ibartarrek, jokaldi luzeak egin ondoren aukera ugari sortuz. Errioxarrek kontraerasoan eta kornerretan sortzen zuten arriskua. Hala ere, etxeko taldeak lortu zuen markagailuan aurretik jartzea, 7. minutuan. Garmendiak egindako jaurtiketa bat aprobetxatu zuen Davidek bigarren zutoinean bakar-bakarrik gola egiteko.

Segidan, Unai Labakak arratsaldeko sustoa eman zuen, belaunean min hartuta erretiratu behar izan baitzuen aldageletara. Sustoa besterik ez zen izan, bigarren zatian jokatzeko moduan izan baitzen.

Bigarren 20 minutu horiek, intentsitate gehiago izan zuten. Bi taldeak garaipenaren bila irten ziren, eta aukera onak izan zituzten. Hainbat saiakeren ondoren laugarren minutuan Maurok 2-0ekoa jarri zuen. Hortik aurrera Labastida erasora jokatzen hasi zen. 26. minutuan, arriskurik gabeko jokaldi batean aldea murriztea lortu zuten, talde ibartarreko jokalari bati baloiak gorputzean jo eta ate barrura desbideratu eta gero.

Pixkanaka presio gehiago egiten hasi ziren kanpotarrak. Laubururen minuturik konplikatuenak izan ziren. Hamar minutu faltan, binakoa lortu zuten taldeko jokaldi on bat burutu ostean. Maurok berriro jarri zuen aurretik etxeko taldea, Cristianek egindako erdiraketa bikaina baliatuta.

33. minutuan Mulasek 3-3koa ipini zuen urrutiko jaurtiketa batekin. Joseba atezainak ezin izan zuen ezer egin. Dena den, Lauburuk ez zituen hiru puntuak galdutzat jo, eta garaipenaren bila jarraitu zuten. Maurok, arratsaldeko bere hirugarren gola sartu zuen lau minutu faltan, eta Errioxarrek atezaina jokatzera aterata ere, ez zuten lortu ibartarren defentsa sendoa gainditzea.

Lehen hiru puntuak poltsikora, eta denboraldiari hasiera ona eman dio Lauburuk.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!