Euskal Herriko zazpi probintziak elkartu dira, Euskal Herria egunean

Maier Ugartemendia 2014ko ira. 13a, 20:10

Subegiko afariaren ostean, Meraki eta Ezen Balea taldeen kontzertuak izango dira; goizaldera arte, berriz, DJ Bull ariko da musika jartzen.

Ibarran Euskal Herriko zazpi probintzietako pertsonak aurkitu daitezke gaur. Izan ere, Euskal Herria eguna ospatzen ari dira seigarren urtez, hirugarrenez Ibarran; eta orain arte ibartarrak Algorta eta Lizarrako lagunekin elkartu badira ere, aurten estreinakoz zazpi probintzietako ordezkariak daude gurean.

Aldarrikapenak eta festak bat egiten dute egun honetan, eta horregatik Bai Euskal Herriari ekimenaren ondotik sortutako egun honek festa giroa izaten du nagusi. Horretarako egitarau zabala dute prestatua, eta jada hasita dagoen festak luzaro iraun dezake gaurkoan ere.

Goizean, Ibarrara etorri diren gonbidatu edo lagun guztiei harrera egin diete, eta kalejiran guztiak plazara jaon dira. Bertan haurrek eta helduek zirkoloretsuaz gozatzeko aukera izan dute; umoreak ere bai baitu lekua festa honetan.

Ongietorri ekitaldia eguerdian ospatu dute, eta jarraian, plazan bazkari ederra egin dute. Nagiak jota edo herrien arteko erronkari ekitea kosta zaie, baina, azkenean lau talde egin eta ekin diete proba gogorrei. Lehenik, Lizarra eta Ipar Euskal Herriko taldea lehiatu dira. Gero  Algortakoak Ibarrakaoen aurka. Denborarik onena egiten zuenak irabazi du eta kasu honetan, azken urteetako garailea den Ibarrari irabazita, Lizarrakoak izan dira garaile.

Erronka mikrofonoz komentatu dutenek esan duten moduan, orduantxe hasi da festa! Atsedenik hartu gabe kalejirarekin giroa sortzen jarraitu dute guztiek. Eta Subegin egingo duten afariaren ostean, parranda ederra botatzeko aukera izango dute. Lehenik Meraki eta Ezen Balea taldeek eskainiko dituzte kontzertuak. Baina, hauek amaitutakoan Dj BUllek hartuko du txanda, eta ziur goizaldera arte gorputzak astintzen ibiliko direla indarrak dituztenak.

Egitaraua

11:00. Hamaiketakoa Arane iturrian.

Ondoren. Kalejira musikaz alaituta.

12:30. Zirkoloretsua pailazoen ikuskizuna plazan.

13:30. Ongi etorri ekitaldia.

14:15. Bazkaria.

17:30. Erronka herrien artean.

19:30. Musikarekin kalejira.

20:30. Afaria Subegi elkartean.

22:30. Kontzertuak gaztetxean: Meraki, Ezen Balea eta DJ Bull.

Egun osoan. Bai Euskal Herriari ekimenak antolaturiko naziotasuna lantzen duen erakusketa, plazan.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!