Zazpiak bat, biharko Euskal Herria Egunean

Iñigo Terradillos 2014ko ira. 12a, 12:10

Seigarren Euskal Herria Eguna ospatuko dute bihar Ibarran, zazpi lurraldeetako ordezkaritzarekin; egun osoan zehar adin guztientzako ekitaldiez gozatu ahalko da.

Naziotasuna eta lurraldetasuna lantzetik, pauso bat gehiago emateko xedez eta ideia praktikara eramatearen ondorioz sortu zen Euskal Herria Eguna. Duela sei urte jaio zen, Ibarratik eta Lizarratik, Bai Euskal Herriari ekimenaren ondotik. Bihar seigarrenez ospatuko da, eta hirugarrenez hartuko du Ibarrak, berrikuntza edo nabarmentzeko ezaugarri batekin, zazpi lurraldeetako ordezkaritza izango duela estreinakoz.

Unai Igartua Ibarrako antolaketa taldeko kideak azaldu duenez, beste herrietako errealitatea gertutik ezagutzea da jai eta senidetze honen helburua: «Azken finean gure ingurua ongi ezagutzen dugu, baina beste herrietako egunerokotasuna, euskararen egoera, naziotasun ikuspegia, borroka… oso ezberdina da». Hala, antolatzaileek beharrezko ikusten dute, esaterako, Hegoaldekoen eta Iparraldekoen artean hartu emanak izatea: «Beraiek gugana eta gu beraiengana gerturatzea garrantzitsua da, nazio eraikuntzan anai-arreba guztiok bat eginik egon behar baitugu, besteen egoera ezagutuz eta ulertuz».

Ibarra eta Lizarra «arlo guztietan» senidetuz hasi zen guztia. «Bi herrietako taldeak, elkarteak, kirol taldeak, dantza taldeak, ikastolak, udalak… guztiak senidetzeko elkarrekin harremanetan jarri ginen, eta urtean zehar ekimenak antolatzen hasi ginen, herri batean zein bestean». Euskal Herria Egunaren izenpean, ospakizun ekitaldi moduan borobildu zen guztia 2009. urtean Ibarran egin zen festarekin. «300 pertsona baino gehiago elkartu ginen, eta oso festa polita izan zen».

Lekukoa Lizarrak hartu zuen hurrengo urtean, eta hirugarren EH Egunean pauso bat gehiago eman nahi izan zuten Bizkaiko Algorta herria gonbidatuz. Ibarran egin zen hirugarren senidetze eguna, eta laugarrena Algortak hartu zuen: «Egun zoragarria prestatu ziguten, eta Bilbo inguruetan dagoen txokorik ederrenetarikoa ezagutzeko aukera izan genuen», adierazi du Igartuak.

Pasa den urteko jaia Lizarran ospatu zuten hiru herriek, eta horrez gain, urte hauetan guztietan urtean zehar ekimen ugari antolatzen jarraitu dute, hala nola, mendi martxak, futbol partidak edota sagardotegiak.

Pauso berria
Seigarren Euskal Herria Egunerako nazio eraikuntzan eta senidetzeari begira pauso «garrantzitsua» eman dute: «Zazpi lurraldeetako herriak batzea erabaki dugu, eta horrela, aurten zazpiak bat egingo gara». Hala, Lapurditik Itsasu, Behe Nafarroatik Baigorri, Zuberoatik Maule eta Arabatik Agurain gonbidatu dituzte festara. Dena den, antolatzaileek argi uzten dute jai «irekia» dela eta herritar ororentzat ateak zabalik daudela. «Ez dago herri horietako biztanlea izan beharrik parte hartzeko, edonor dago gonbidatuta, guztiok herri bat gara», dio Igartuak.

Biharko egitarauari begira, askotariko ekitaldiak izango dira Ibarran egun osoan. Harrera ekitaldia eta hamaiketakoaren ondoren, kalejiran herri guztia zeharkatuko dute «herritar orok festaren berri izan dezan». Gaztetxoenen gozamenerako eguerdian plazan pailazoen ikuskizuna izango da, eta ondoren, mahaiaren bueltan elkartuko dira parte hartzaile guztiak bazkaltzeko.

Arratsalderako erronka «ikusgarria» prestatu dute: «Herriak nor baino nor ariko dira joko berezietan parte hartuz: errekatik sare batetik eskalatuz, goitibeherak, globo batzuk igo, traktore gurpilekin zirkuitu bat egin… Betiko jokoetatik aldendu nahi izan dugu, eta ikusteko oso polita izango da». Erronka bukatuta musikaz lagunduriko kalejira egingo dute, eta Subegi elkartean elkartuko dira afari legea egiteko. Gauean, berriz, zuzeneko musikaz gozatu ahalko da gaztetxean, Algortatik etorritako Meraki eta Lizarrako Ezen Balea taldeekin. Gauari azken puntua jartzeko ardura DJ Bullek izango du. Bestalde, egun guztian ikusgai izango da Bai Euskal Herriari ekimenak antolaturiko naziotasuna lantzen duen erakusketa, Ibarrako plazan.

Badu, gainera, beste berritasunik aurtengo festak, izan ere, kanpotik datozen herritarrentzat lo egiteko aukera jarri dute. «Zakua eta esterila ekartzea nahikoa izango da horretarako, beraz, Tolosaldeko nahiz Euskal Herriko jende guztia gonbidatzen dugu senidetze festa honetan parte hartzera». Eta, jende guztia esaterakoan, adin guztietako jendeari dei egiten diete antolatzaileek Euskal Herria Egunean parte hartzeko: «Ez da soilik gazteei zuzendutako festa, horregatik jartzen ditugu pailazoak, bazkaria edo erakusketa esaterako; azken finean, naziotasuna landu behar badugu, ezin du soilik izan zazpi lurraldeetako herri batzuk batzea edo adin jakin batekoak batzea, baizik eta adin eta herri guztiak batzea da helburua, eta ekimen honekin gu gure harritxoa sartzen saiatzen gara».

Egitaraua

11:00. Hamaiketakoa Arane iturrian.

Ondoren. Kalejira musikaz alaituta.

12:30. Zirkoloretsua pailazoen ikuskizuna plazan.

13:30. Ongi etorri ekitaldia.

14:15. Bazkaria.

17:30. Erronka herrien artean.

19:30. Musikarekin kalejira.

20:30. Afaria Subegi elkartean.

22:30. Kontzertuak gaztetxean: Meraki, Ezen Balea eta DJ Bull.

Egun osoan. Bai Euskal Herriari ekimenak antolaturiko naziotasuna lantzen duen erakusketa, plazan.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!