Mendi duatloia jokatuko da larunbatean Ibarran

Ataria 2014ko irailaren 3a

Hiru proba jokatuko dira egun osoan zehar: goizean, haurrena; eta arratsaldean gaztetxoena eta helduena.

Hilaren 6an, larunbatean, Sendi Ekintza eta Ibarra Kirol Elkarteak antolatutako Ibarrako IV. mendi duatloia burutuko da. Hiru proba izango dira egun guztian zehar. Goizean, esate baterako, 7 eta 13 urte bitarteko haurrek izango dute proba egiteko aukera.

Arratsaldean, aldiz, gaztetxoen eta helduen tartea izango da. 16:00etan proba herrikoia izango da. Bertan 14 urtetik 16 urtera bitarteko gaztetxoek parte hartu ahal izango dute. 2,89 kilometro mendi lasterketan egin beharko dituzte, 7,4 kilometro mendi bizikletaz eta 2,3 kilometro berriro ere mendi lasterketan. Izen emateko epea ostiralean, 22:00etan amaituko da. 12 euroko kostua izango du aurretik eginez gero, 15 eurotakoa egunean bertan. Izen ematea 70 parte hartzailetara iristen denean itxiko da.

Proba luzean 16 urtetik gorako kirolariek parte hartuko dute. Kasu honetan 5,75 kilometro egin beharko dituzte mendi lasterketan, 14,8 mendi bizikletan eta 2,89 kilometro berriro ere mendi lasterketan. Izen emateari dagokionez, 15 euro kostatuko da ostiraleko 22:00ak baino lehen izena emanez gero. Egunean bertan emanez gero, berriz, 20 euroko kostua izango du. Izen ematea 180 parte hartzaileetara iristen bada, aukera hori amaituko da.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!