Gutuna: Sortu eta indarkeria

Josu Balza 2014ko irailaren 3a

Jakina da ezker abertzale berri honen baitan (Sortu-Ernai-Lab)  indarkeriak ez duela lekurik, inondik inora. Sorturen legalizazioa lortzeko eman beharreko ezinbesteko pausu bat izan zen. Guztiz errespetagarria iruditzen zait, alderdi politiko baten barne estrategiaren baitan kokatzen baitut pausu hori. Hala ere, eta azken kale erasoen aurrean, Sortuk emandako erantzunarekin harrituta nagoela aitortu behar dut. Bi adibide besterik ez; 1/ kutxazain automatiko bat kiskali eta segituan, egileek Kutxabanken pribatizazioaren aldekoak zirela zabaldu zuten prentsa ohar batez. 2/ Loiun, bost autobus kiskali zituzten preso gaixoen aldeko ekintza batean eta oraingo honetan egileak bakearen etsaitzat eta PPren aldekotzat jo zituzten, Pernado Barrenak besteak beste.
Esan bezala, guztiz errespetagarria iruditzen zait indarkeria errefusatzea eta guzti hori. Baina, Sortuk ez du bere burua hortara bakarrik mugatzen eta horrelako deklarazioekin pixka batt haratago doa nire ustez, ekintza horiek gogor kriminalizatuz. Zenbait argumentuk, zuzenean Sabin etxetik ateratakoak dirudite.
Beraz, galdera bat utziko dut airean hemen; zergatik Sorturen buruzagi batzuen odol txar hori?
Josu Balza (Ibarra)

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!