Ibarrako plazako estalpearen proiektuak aurkezteko epea zabaldu da

Maier Ugartemendia 2014ko ira. 3a, 09:00
Epaimahaiak egindako aukeraketaren ostean, herritarren parte hartzea irekiko da

Gure eskualdean urteko egun askotan izaten dugu euriaren bisita, eta eguraldia okerra izaten da nagusi. Ibarrako plazak ez du estalperik, eta Hanot Karrera zinegotziaren esanetan «eguraldi txarra egiten duenean herritarrak pixka bat salduta geratzen ziren». Horregatik, plazan estalpe bat izateko «beharra» ikusi zuten.

Estalpearen beharra ikusi eta aztertuta, udalak nolako estalpea nahi zuen erabaki beharrean, bi fase ezberdinetan, lehiaketarekin eta herritarren parte hartzearekin, erabakitzea nolako estalpea nahi zuten herrian. Horrela, «herritarrak izango dira nolako estalpea nahi duten erabakiko dutenak».

Prozesua jada martxan dago. Egun udalak, udaletxeari berari pegatuta egingo den eraikinaren diseinu arkitektonikoari buruzko ideiak aurkezteko lehiaketa zabaldu du. Baina, guzti honetarako prozesu bat abiatua dute jada. Karrerak azaldu bezala, udaleko ordezkariak herritarren parte hartzea bideratu dute lehenik, «zer nolako estalpea nahi duten erabakitzeko». Aipatutako bileretan herritarrengandik jasotako beharrak, dokumentu tekniko batean jaso dituzte, eta hortaz, orain proiektua diseinatzeko lehiaketara aurkezten direnek baldintzetan «behar horiekin» egingo dute topo.

Esan bezala, proiektuak hainbat baldintza bete beharko ditu. Esate baterako, «sei eta zortzi metro arteko altura izan behar du, 297 metro kuadroko eremua izan behar du, plazan egiten diren kultur ekintza ezberdinetarako prest egon beharko luke, alde guztietatik ixteko aukera irekita utzi behar du». Hau da, «behar ezberdinei erantzuteko prest egon beharko luke.

Diseinuaren lehiaketa zabalik

Aipatu bezala, udaletxe ondoko eraikinaren estalkiaren diseinu arkitektonikoari buruzko ideiak aurkezteko lehiaketa bat antolatu du Ibarrako Udalak. Irailaren 19ra arte aurkeztu beharko dira proiektuak udaleko sarrera erregistroan. Aukeratutako diseinuak diru saria ere jasoko du.

Behin udaleko arkitektoak lan guztiak jaso dituenean, «diseinuak baldintza guztiak betetzen dituela» ikusten duenean, aurrera egiten duten proiektuak urritik aurrera «herritarren aurrean jarriko dituzte astebetez edo hamabost egunez». Baloratuko diren baldintza horiek lehen aipatu bezala herritarrek jartzen dituztenez gain, ekonomikoak ere izan beharko dute: «guk proiektu honetarako partida bat dugu, eta partida hori baino garestiagoa ezin du izan». Gehienezko aurrekontua 125.000 eurotakoa da. Karreraren esanetan, arkitektoak proiektuak aztertzen dituenean «ez ditu baloratuko, balio duen ala ez erabakiko du», eta balio duten hauek herritarren aurrean jarriko dira.

Parte hartze prozesua nolakoa izango den «zehaztu gabe» dute oraindik. Hala ere, hurrengo astean bilera baterako dei egingo dute, herritarrei prozesuaren jarraipena «azaltzeko» eta aurrera begirako zehaztasunak finkatzeko.

Parte hartze prozesuan botoa «16 urte edo gehiago dituzten ibartarrek» eman ahal izango dute. Hau da, Ibarran erroldatuta egotea ere ezinbestekoa izango da. Azkenean, boto gehien duen proposamenak irabaziko du, eta berdinketa balego epaimahaiak erabakiko luke.

Erabakitze prozesuaren ostean, .»proiektua eraikiko lukeen enpresa bat bilatzea» geratuko litzateke, baina hori eginda lanak «lehenbailehen» hastea espero du Karrerak.

Honenbestez, datozen hilabeteetako prozesuaren eta ondorengo lanen ostean, ibartarrek egoera ezberdinetarako hain ohikoa dugun eguraldi txarrari aurre egiteko txoko bat izango dute.Eta era berean, plazaren itxura zertxobait aldatuko duen egitura bat ere izango dute.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!