Ingelesezko ahozkotasuna lantzeko eskolak doan jasotzeko aukera Ibarran

Maier Ugartemendia 2014ko ira. 2a, 16:41
Udalak iazko arrakasta ikusita ingeles eskolak errepikatzea erabaki du; ez da frantsesik izango

Iazko ikasturtean Ibarrako Udalaren Jaione Bengoetxea irakaslearen lankidetzari esker berrogeita hamar ibartarrei hizkuntza eskolak eskaini zizkieten dohainik. Iazko arrakasta ikusita lankidetza horrekin jarraitu eta ikasturte berrian ere ahozkoa lantzeko eskolak doan eskaintzea adostu dute.
Aurtengoan, baina, aldaketa bat izango da eskola hauetan. Izan ere, iaz frantsesa eta ingelesa lantzeko eskolak eskaini baziren ere, aurtengoan ingeles eskolak bakarrik eskainiko dituzte; hau da, ez da frantses eskolarik izango. Bestalde, aurten ere ahozkotasuna lantzeko izango dira eskola hauek.
Izen emate hilaren 15a arte
Eskolak astean egun batean izango dira, astelehenetik ostegunera bitarte, eta 20:00etatik 21:30era bitarte. Loatzo Musika Eskolak Azkue auzoan duen lokalean eskainiko dira, eta ikasturteak urritik maiatzera bitarteko luzera izango du.
Eskola hauetan izena eman ahal izateko beharrezkoa izango da Ibarran erroldatua egotea, 1998 edo lehenago jaio izatea, eta B1 maila izatea ingelesaren ezagutzan. Matrikulazioaren ostean, irakaslea egingo ditu talde ezberdinak eta ikasle bakoitzari zein egun dagokion jakinaraziko dio.
Izena emateko epea jada zabalik dago, eta hilaren 15era bitarte izango da horretarako aukera. Izena kultur etxean eman beharko da, ostirala bitarte goizez izango da horretarako aukera: 10:30etik 13:00etara. Aldiz, hilaren 8tik 15era goizetan ordutegi berean edo arratsaldez 16:00etatik 20:00etara ere eman ahal izango da izena. Hala ere, izena emateko orriak kultur etxean egoteaz gain, euskara zerbitzuan edo udalaren web orrian ere aurki daitezke. Zalantzaren bat izanez gero ere udaleko euskara zerbitzura jo daiteke.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!