Epaiketak eta ikerketak eskatuta bi urterainokoa izan daiteke espetxealdi prebentiboa, eta beste bi urtez ere luza daiteke, baina, Jokin Aranalderen kasuan, ez da hori gertatuko, «prozedura hori dagoeneko ikertuta dagoelako». Dena den, behin behineko espetxealdia ekiditen saiatuko dira, eta Ainhoa Baglietto abokatuak esan moduan, espetxeratzearen aurkako helegitea aurkeztuko dute, besteak beste, Aranalderen osasun egoera argudiatuta: «Ebakuntza baten zain dago, eta bere osasun egoera espetxealdiarekin ez balitz bateragarria posible izango litzateke etxean preso egotea bezalako neurriren bat hartzea, baina, bateragarria dela uste badute, espetxetik beharrezko arreta bermatzen zaiola esango du epaileak». Bagliettok uste du, «epailea eta kasuaren ezaugarriak ezagututa» bigarren aukera hori emango dela. «Jokini esan genion moduan, ez dugu esperantza handirik aurrekari pertsonalengatik, ez delako aurkeztu deitua izan den guztietan; horregatik, ihes egiteko arriskua dagoela ikusten dute, eta aitzakia horrekin, ez du ziurrenik epaileak aske utziko».
Gainera, Aranalderen abokatuak uste du prozedura azkartuko dutela eta epaiketa batera bideratuko dutela ahalik eta azkarren: «Izan ere, prozesu honek ez du eginbiderik edo ikerketarik egitea eskatzen, egina dutelako, eta ondorioz berehala joango da aurrera; nahi balute abendurako epaituta legoke, baina, Auzitegi Nazionalean zenbat denbora iraungo duen ez dago jakiterik». Espetxealdiaren aurkako errekurtsoari dagokionez, irailean espero dute erabakia jakitea, eta ondoren izango litzateke epaiketa.
Askatasun eskaerak
Jokin Aranalde ostegun arratsaldean atxilotu zuten, Beskoitz inguruan. Lau autok inguratu zuten bere kotxea, pistolak eskuan atxilo hartu eta zuzenean Espainiako Polizia Nazionalaren esku utzi zuten Euskal Iheslari Politikoen Kolektiboko mintzaidea. Gotzone Ijurko emaztea bertan zen, eta atxilo unea «bortitza» izan zela esan zuen. Ondoren, polizia etxetik 17:45ean deitu zioten sendiari, Aranalde Donostian zegoela esateko. Ostiral goizean Espainiako Auzitegi Nazionalera eraman zuten, eta Fernando Andreu epaileak behin behinean espetxeratzeko agindua eman zuen. Ismael Moreno epaileari zegokion kasua, baina bera ez zegoenez, Andreuren esku geratu zen zitazioa.
Ostegunean bertan 180 pertsona inguru bildu ziren Ibarran, Aranalderen atxiloketaren aurka egin zen elkarretaratzean, eta ostiralean, eskualdeko manifestazioa egin zuten Ibarran bertan, atxiloketa salatu eta herrikidearen askatasuna eskatzeko. Euskal Iheslari Politikoen Kolektiboak deituta, berriz, ostiralean elkarretaratzea egin zuten Hendaiako Kasino zaharrean, eta atzo eguerdian, Espainiako kontsuletxearen aurrean 50 pertsona inguru elkartu ziren Giza eskubideak, konponbidea, bakea lelopean, Ni ere banoa kolektiboak deituta. Iparraldeko 23 eragilek osatzen duten kolektiboko kideek Rajoyri zuzendutako gutun bat utzi zuten kontsuletxean, konponbideko bidea har dezaten eskatuz. Baionako suprefeturan ere utzi nahi izan zuten Hollandi zuzendutako gutuna baina ukatu egin zuten, afera judiziala dela argudiatuz.
Ni ere banoa kolektiboaren arabera, Jokin Aranalde atxilotu eta Madrilen eskuetan uztea gertakari «larria» da. Hala, kolektiboaren ustez, «Espainiako eta Frantziako gobernuak elkarrizketan sartzeko borontate eza eta bake prozesua oztopatzeko nahia ari dira erakusten berriro ere». Hori dela eta, ibartarraren berehalako askatasuna eta Iparraldera itzultzea eskatu dute.
Bestalde, gaur, 19:00etan Ibarrako udaletxean egingo den osoko bilkuran, Jokin Aranalde herritarraren atxiloketaren aurkako mozioa onartuko du udalak.