Bertakoa kontsumituz

Iñigo Terradillos 2014ko uzt. 17a, 11:25

Arratsaldeko zazpiak dira Ibarrako plazan, eta asteartero moduan laster hasiko dira kontsumo taldeko kideak elizaren aldamenean elkartzen. Hamar ibartar hasi ziren, eta urtebeteren bueltan hamasei dira astero astero euren poltsekin joaten direnak. Poltsa hutsa eraman, eta barazkiz beterikoarekin itzuli. Lan hori egiteko ardura Eneko Imaz baserritar ekoizleak izaten du, eta ekimenak lehenengo urtea bete berritan, «pozik» dago emaitzarekin, pixkanaka handituz joateko ideia buruan duela.

Duela hamabi urte inguru sortu ziren gurean kontsumo taldeak baserriari irtenbidea bilatzeko modu bezala, «banatzaile handien parean jartzea oso zaila zela ikusten zen». Imazek azaldu duenez, ekoizlea eta kontsumitzailearen artean urte osoko konpromisoa lotzen da, eta modu horretan segurtasun hori bermatzen du ekoizleak. «Gure kasuan, barazkiak ekologikoak dira, egunean bertan edo bezperan jasotakoak, fresko freskoak», dio Elduainen bizi den baserritarrak.
Hain justu, hori bilatzen dute kontsumo taldean parte hartzen duten kideek: «Herritar gazteak dira, jaten dutenarekiko kontzientzia maila bat dutenak eta bertako produktua erosi nahi dutenak». Kezka hori azken urteetan areagotzen ari dela ere nabarmendu du Imazek. «Egia da gurean bertako produktua erosteko ohitura handia dagoela, askok baitugu baserritar bat gertu, baina, hori pixkanaka galduz joan da; eta badirudi, azken urteetan aldatzen ari dela joera berriro». Produktua baloratzearekin batera, ekoizle eta kontsumitzailearen arteko harremana ere aintzat hartzen dutela azpimarratu du ekoizleak.
Elduianera, baserrira
Tolosarra jaiotzez, duela hamar urte joan zen Eneko Imaz Elduainera bizitzera. «Mendia asko gustatzen zaigu, eta oso argi genuen kalean baino nahiago genuela baserri giroan bizi». Ingurune natural honetan bizitzeak «askatasuna eta arnasa» ematen diela dio, «kalean ito egiten gara». Behin baserrian kokatuta, baserritik bizitzeko erabakia hartu zuen duela urte eta erdi inguru. Biologoa da ikasketaz, eta urte asko eman ditu Elhuyarren lanean, zientziaren dibulgazioan, eta halako batean, bizimodua guztiz aldatzeko hautua hartu zuen.
Lehen urtea izaki, ikasteko balio izan diola azaldu du Imazek, bai ekoizpenean, bai eta kontsumitzaileek garaian garaikoa kontsumitu behar horretan ere, eta, oro har, balantzea «ona» izan da. Orain, gainera, negutegi berriak jarri ditu, eta, beraz, negu-udaberrian barazki barietate handiagoa eduki ahal izango duela espero du.
Produktuen barietatea eta kantitatea handitu asmo du, eta horrekin batera, kontsumitzaileen kopurua handitzea du helburu datozen hilabeteetarako. Datorren ikasturterako, esaterako, badu bezero berri bat, Uzturpe ikastola, bertako sukalderako hasiko baita barazkiak banatzen. «Ekolapikoa izeneko proiektuan sartzea erabaki dute, eta hornitzailea ni izango nintzateke», azaldu du. Ibarrako kontsumo taldeko kide egitea nahikoa da Eneko Imazen baratzeko barazkiez osaturiko saskia astean behin jasotzeko. Horretarako, berarekin harremanetan jarri (676 41 06 01) behar da, saskiaren tamaina aukeratu, hau da, osoa ala ertaina, eta urte osorako konpromisoa hartu.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!