Zozketa berezia egingo dute Ibarrako Sanfilippo jaialdian

Iñigo Terradillos 2014ko uzt. 16a, 10:54

San Filippo gaitza duen Oier Iribarren ibartarraren alde ekimen ugari antolatu dituzte eta ari dira aurrera eramaten Tolosaldean nahiz Tolosaldetik at. Ibarran egun berezia ari dira prestatzen irailaren 27rako goizean hasi eta gauera bitarteko egitarau anitzarekin. Besteak beste, haurrei zuzendutako jarduerak, herri bazkaria eta kontzertuak izango dira. Diru bilketa egiteko egun horretarako prestatzen ari diren ekimenak aipamen berezia merezi du, aldez aurretik eginiko lanarengatik, jendeak izan duen harrera onarengatik, eta orain herritar orok parte hartuz erantzutea egokitzen delako.

Ibarrako Subegi elkartea eta herriko boluntario talde bat ari da zozketa berezia aurrera eramaten. Horretarako kirol eta kultura munduko hainbat pertsonaiekin jarri dira harremanetan, eta Oier Iribarren haurrari laguntzeko euren ideia azalduz, eta jaso duten erantzunarekin «oso pozik» daudela azaldu dute. Pertsonaia ezagun ugarik euren materiala eskaini diete ibartarrei ondoren zozkatuak izan eta bildutako dirua Stop San Filippo fundaziora bideratua izan dadin. Hala, zozkatuko duten materialaren artean, Xabi Prieto eta Xabi Alonso futbolarien kamisetak, Olaizola II eta Olaetxea pilotarien kamisetak, Lara Arruabarrena tenislariaren erraketa, Aritz Aranburu surflariaren kamiseta, Edurne Pasaban mendigoizalearen erlojua, Iker Karrera lasterkariaren kamiseta, Pirritx eta Porrotxen materiala edota Marea eta Etsaiak musika taldeen materiala dago.
Horiek eskuratzeko, zozketan parte hartu ahal izateko zenbakiak erosi beharko dira 50 zentimoren truke. Zozketarako koadernoak Ibarrako, Tolosako, Villabonako, Alegiako eta Zizurkilgo hainbat tabernetan jarri dituzte, eta parte hartzen dutenek bertan jarri beharko dituzte datuak. Zozketa irailaren 27ko jaialdian egingo da, herri bazkariaren ondoren, Ion Iraola umorista ibartarrak gidatuta.
Herritar oro gonbidatu
Ibarrako San Bartolome jaietan Sendi Ekintzak egin ohi duen zozketarekin elkarlanean aritu dira, eta batak bestea trabatu ez dezan, Ibarrako tabernetan Sendi Ekintzaren zozketarako izen eman ahalko da festak iritsi bitarte. Data horretatik aurrera eman ahalko da izena taberna horietan San Filippo zozketan. Azpimarragarria da, gainera, Sendi Ekintzako arduradunek euren zozketan bildutako diruaren zati bat Oier Iribarrenen alde gordetzea erabaki dutela.
Zozketaren antolatzaileek Ibarrako nahiz eskualdeko herritar guztiak animatu dituzte zenbakiak erostera, eta horrela, bide batez, Ibarrako haurraren alde egitera.

 

Zozketa
MATERIALA
Futbolarien kamisetak. Xabi Alonso, Xabi Prieto, Laporte, Castañeda, Monreal, Mikel Saizar, Eibar taldea.
Pilotarien kamisetak. Saralegi, Eulate, Albisu, Zubieta, Olaizola II, Olaetxea.
Kirolarien materiala. Edurne Pasabanen erlojua, Lara Arruabarrenaren erraketa, Aritz Aranbururen kamiseta, Iker Karreraren kamiseta, Beldarrainen kamiseta, ESAITeko materiala, Ampo Ordizia.
Gainerako materiala. Marea eta Etsaiak musika taldeak, Pirritx eta Porrotx, Kike Amonarrizen liburuak, Denak tabernako materiala.
ZOZKETA KOADERNOAK
Tabernak. Danon Txokoa, Alai, Atari, Karlatz, Zubiaurre eta Txumitxa (Ibarra), Denak, Orbela, Ikatza, Iurre eta Kantabriko (Tolosa), Herriko eta Hirualdeta (Villabona), Route 33 eta Ixkiña (Alegia) eta Egarri (Zizurkil).
Zenbakiak. 50 zentimo bakoitza.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!