"Ilusioz eta erantzukizunez" onartu du Jauregik Ibarrako EAJren alkatetzarako hautagaitza

Ataria 2014ko uztailaren 10a

Ibarrako EAJ alderdiak aho batez onartu du Itziar Jauregi alkatetzarako hautagaia izateko. "Erronka oso erakargarria da eta ilusioz, gogoz eta erantzukizunez onartu dut", esan du.

Itziar Jauregi Ibarrako Udalean EAJren udal taldearen bozeramailea da egun, eta 2015eko hauteskundeei begira aurkeztuko duten proiektuan "pertsonak, haien duintasuna eta ongizatea" izango direla ardatza esan du. "Ibartarren benetako arazoei erantzutea lehenetsiko duen proiektua izango da. Nahi duguna da udala, batik bat, udal kudeaketaren motorra izan dadila, eta ez eduki politikoko mozio etengabeen eztabaidarako foro hutsa. Uste dugu Ibarrak aldaketa bat behar duela", esan du. Era berean, "gure herriak ikuspegi politiko integratzailea" behar duela esan du, "sektarismoetatik urruti, eta elkarrizketan eta adostasunean oinarritutako kultura politikan oinarritua". "Zerbait ikasi badut nire bizitza profesionalean, irakasle gisa, da aurrean duzunari entzun egin behar diozula gauzak konpontzeko eta adostasunak lortzeko eta hori da herrigintzan ere egin dudan eta jarraituko dudana egiten: ibartarrei entzun".

Ibarrako EAJ alderdiko lehendakariak, Jose Maria Gilek, "kudeaketarako duen gaitasuna, udal gaien ezagutza sakona eta ibartarrrenganako duen hurbiltasuna" nabarmendu ditu.

Itziar Jauregi orain, lantalde bat osatzen ari dela esan du, herriak dituen erronkak aztertzeko, eta ondorioak, alderdiak martxan duen Ibarra Prest ekimenaren barruan, herriko gizarteko eragile eta sektoreekin konstrastatuko ditu haien ekarpenak jasotzeko.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!