Udaro gertatzen den moduan, jaiak ospatzen dituzten herriak ugaritu egiten dira, eta Ibarrako Alurr dantza taldekoen emanaldiak ere gehiago izaten dira urteko sasoi honetan. Hala, larunbatean eta igandean, erretirodunen eta irakasleen omenaldian aritu ziren Ibarrako dantzariak. Igandean, era berean, Lekeition izan ziren ibartarrak, antzinako ezkontzan parte hartzen. Goizean, herrian zehar dantzatu zuten, eta arratsaldean, Uztartuz eskaini zuten, herritarren harrera «oso beroa» izan zelarik.
Herenegun, Ibarran aritu ziren San Joan bezperako suaren baitan. Dantza tradizionala eta suarekin loturiko Katixa Perearen koreografia eskaini zuten. Atzo, berriz, dantza suelto txapelketan hartu zuten parte lehen aldiz, Alurr dantza taldeko kideek, Hernanin.
Hurrengo emanaldiei dagokienez, etzi Zaldibian izango dira, eta bertako kiroldegian Uztartuz eskainiko dute, 22:30ean. Alurretik azaldu moduan, «gazteentzat bereziki eginikoa da», Dantzan hazi, euskaraz hezi eta kantuz bizi da leloa. Iñaki Agirreren zuzendaritzapean, Eguzki Errondosororen ahotsarekin eta Jagoba Astiazaran pianoan dela eginiko lana da.
Larunbatean, bestalde, Ordizian parte hartuko dute Alurreko neska-mutilek. 19:30ean herriko plazan elkartuko dira Ibarrako lau talde, Ordiziako bi, Zaldibiako bat eta Anoetako beste bat, 100 gazte inguru denera. Gazteen artean dantzatu eta elkar ezagutzeko aukera izan dezaten euren artean antolaturiko ekimena da.
Amaitzeko, igandean Betelun ariko da Ibarrako taldea, 18:00etan, Lanabesak ikuskizunarekin.