Behe solairuen erabilera zehazten duen ordenantza onartu dute

Iñigo Terradillos 2014ko eka. 24a, 20:51
Behe oinetan etxebizitzak eta jarduerak arautzen dituen ordenantza onartu berri du Ibarrako Udalak. Lehendik indarrean zegoen araudia sakondu egin dute ordenantza horrekin, zehaztuz eta baldintzatuz, eta modu horretan eman diote amaiera, pasa den urtearen amaieran ekin zioten prozesuari.

Behe lokal asko hutsik daudela eta horiek etxebizitza bihurtzeko eskariak ugariak zirela kontuan hartuta, behe solairuko lokalen erabileraren inguruko araudia egitea beharrezko ikusi zuen udalak. Itziar Agirrezabala udaleko arkitektoak azaldu duenez, «eremu askotan behe solairuak etxebizitza moduan egokitzea debekatuta zegoen, eta beste batzuetan, onartua zegoen, baina, ez zen zehazten zein baldintzetan egin zitekeen». Hala, iragan urteko azaroan ekin zion parte hartze prozesuari, Eusko Jaurlaritzak emandako diru laguntzaren bitartez. Batetik, Hiria kolektiboak azterketa egin zuen, proposatuz zein zonaldetan izan dezaketen etxebizitza edota bestelako erabileraren bat behe solairuek. Herritarrekin eginiko parte hartze saioetan partekatu zituzten proposamenak eta iritziak, eta horrela pixkanaka ordenantza zehaztu dute.
«Orain, ordenantza honi esker, gaur egun debekatuta dauden zenbait eraikinetan erabilera horiek onargarri bihurtzen dira», dio Agirrezabalak. Horretarako, baina, erabilera aldaketa baimentzen duen lizentzia eskuratu beharko da, hainbat baldintza betez. «Esaterako, etxebizitza moduan erabiltzeko bizigarritasun maila duina izan behar du, eta honetan nahiko malguak izan gara». Baldintzen artean dago, 35 m2 erabilgarri izan behar dituela gutxienez, eta egongelak kanpoaldera eman behar duela.
Araua zenbait kale eta eraikinetan sartuko da indarrean. Etxebizitza erabilera, esaterako, Euskalerria, Julian Gayarre, Otarreaga, Apaiz Erreka, San Ignazio, Emeterio Arrese, Uzturre, Ibai Gain eta Azkue kaleko zati batzuetan baimenduko da.
Aurkezpena
Bestalde, Ibarrako Udaleko ordezkariek behe solairuen ordenantzaren berri emango dute datorren asteazkenean, uztailaren 2an, 18:00etatik 19:00etara, gaztelaniaz, eta 19:00etatik 20:00etara euskaraz, udaletxean.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!