Lauburu Ibarra erronka berriekin

Asier Imaz 2014ko ekainaren 24a

Ekaina izan arren, Ibarrako Lauburu areto futbol taldea ez dago geldirik. Erronka berriak martxan jartzeko asmoz daude ibartarrak. Alde batetik, denboraldi berriko proiektua aurkeztu diete Ibarrako Udalari eta Gipuzkoako Foru Aldundiari. Bi erakunde horien onarpena jaso dutela azaldu dute Lauburutik.

Horren harira, herriko Uzturpe Ikastolarekin sinatu duten hitzarmena azpimarratu behar da. Lauburuk teknifikazio laguntza emango die ikastetxeko ikasleei eta begiraleei. 100 lagunetik gorak jasoko dute zerbitzu hori. Areto futbola gertuagotik ezagutzeko helburuarekin ariko da lan horretan Lauburu.
Bestalde, zuzendaritzan aldaketak iragarri dituzte Ibarrakoek. Orain arte hiru kide zeuden, eta denboraldi berriari bederatzik ekingo diote. Presidente aldaketa ere egongo da, izan ere, Jon Ander Carrerak bere lekua utziko dio Juan Pablo Zubelzu Txubeli. Taldetik Carrerari eskerrak eman nahi izan dizkiote azken urteetan egindako lanagatik.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!