Maite Aranalderi hamar urteko espetxe zigorra

Ataria 2014ko ekainaren 18a

Maite Aranalde ibartarraren aurkako epaiketa atzo, 13:30ak inguruan hasi zen, Parisko Auzitegian. Aranalderen senideak Parisera joan ziren epaiketa bertatik bertara jarraitzera, eta «oso gogorra» izan zela adierazi zuten.


Senideek azaldutakoaren arabera Aranaldek ez zuen deklaratu, eta irakurtzeko prestatua zuen idatzia ez zioten irakurtzen utzi. Abokatuak «bi aldiz» protesta egin behar izan zion epaileari, honen galdeketak hartu zuen bideagatik. Fiskalak zortzi urteko espetxe zigorra eskatu zuen ibartarrarentzat, abokatuak absoluzioa. Epaileak, ordea, hamar urteko zigorra jarri zion Aranalderi.
Eñaut Aramendi urruñarra ere atzo epaitu zuten Parisen, eta bere aurka fiskaltzak hiru urte eskatu arren, epaileak lau jarri zizkion.
Maite Aranalde 2005eko martxoan atxilotu zuten lehen aldiz Frantzian. 2009ko ekainean Frantzian zigorra bete eta Espainiako Auzitegi Nazionalera eraman zuten. 2009ko abuztuan geratu zen aske 12.000 eurotako fidantza ordainduta. Hurrengo egunean, Fiskaltzak Aranalde aske uztearen aurkako helegitea aurkeztu zuen. Espainiako Auzitegi Nazionaleko Baltasar Garzon epaileak helegitea onartu, eta bilatze eta atxilotze agindua eman zuen. Baina, ez zuten Aranalde bere etxean aurkitu.
2010eko maiatzaren 20an Aranalde beste lau pertsonekin batera atxilotu zuen Frantziako Poliziak Baionan. Aranalderi ETAko arlo militarreko arduradun izatea leporatu zioten. Epaileak Parisen deklarazioa hartu ondoren, Fresnesen espetxeratu zuten.
Egun Poitiers-Vivonnen espetxeratua dago Aranalde, eta maiatzean bere senide eta lagunek eskuorriak banatu zituzten Vivonnen bisitetan izan dituzten «murrizketak» salatzeko.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!