Gutuna: Ekainaren 8a ez da bukaera, hasiera baizik

Ataria 2014ko ekainaren 13a

"Ekainaren 8a ez da bukaera, hasiera baizik" horrela aditzera eman da hainbat bazterretan. Guk, Ibarrako Gure Esku Batzordea osatzen dugunok, ere bat egiten dugu asmo horrekin. Etorkizunerako kimua utzi dugu denon artean eta emaitza ezin hobea dela pentsatzen dugu: ibilbidean zehar 150.000 lagun, eskualdean 6.500 lagun, 60. kilometroan 1.355 lagun...

Hasieran gure herrian eta ondoren ekitaldi nagusian, aniztasunak bilatu du elkargunea eta gurea den eskubide baten alde denok batera aritu gara. Dendariak, tabernariak, kirolariak, Osasun Etxeko langileak, dantzariak, gazteak, aisialdikoak, parrokiako kantariak, ...  eta norbanakoak,  denon artean osatu dugu giza talde nahikoa gure bultzadak bere eragina bete dezan. 

Denoi zoriontzeko moduko ahalegina burutu dugula ez dugu dudarik egiten. Ibartarrok gai garela aurreiritziak alde batera uzteko eta elkarrekin lana egiteko, batzen gaituen horren mesederako, noski. Ez ikasi, erakutsi ere egin dugu eskutik helduta erronkak gainditzeko errazagoa dela.


Ibarran hau dena dinamizatu duen taldearen izenean eskerrik asko eta aurrerantzean, zerbaitetan laguntzerik badugu,  berriro hor izango garela jakin. Taldearen izaera guztiz irekia da eta ateak edozeinek zabalik izango dituela zalantzarik ez izan.

 

Ibarrako Gure Esku Dago batzordea

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!