Herritarren artean eraikitzen

Iñigo Terradillos 2014ko ekainaren 5a

Herriaren etorkizuna eraikitzeko Ibarrako Udalak Tokiko Agenda 21eko Ekintza Plana eta Hiri Antolamendurako Plan Orokorra berrikusteko prozesua martxan du. Herritarrekin batera ari da burutzen prozesua, eta dagoeneko hainbat bilera egin dituzte. Azkena, aste honetan bertan egin dute, eta horren ondoren, uda amaitu ondorenerako egin dute hurrengo hitzordua.

Herritarren parte hartzearekin egiten ari diren lehen atal honetan, herriaren diagnostiko orokorra egin dute, lurraldea, ingurumena, gizartea eta garapen ekonomikoa aztertuz. Enea enpresa ari da lanketa horren koordinaketa ematen. Diagnostiko orokor horretatik abiatuta, Ibarraren garapen iraunkorrerako Ekintza Plan Berria (Tokiko Agenda 21) eta Ibarraren Hiri Antolamendurako Plan Orokor berria (HAPO) diseinatuko dute.
Bada, herritarrekin eginiko lehen bileran lurralde eta ingurumen arloak aztertu zituzten, merkataritzari edota irisgarritasunari begiratuz, besteak beste. Bigarrenean, gizarte arloa aztertu zuten, eta euskara, kultura edota inmigrazioa bezalako gaiak jorratu zituzten. Bi bilera horietan herritarrek eginiko ekarpenekin ondorio batzuk atera zituzten, eta horiek ezagutarazi dizkiete herritarrei aste honetan bertan egin duten hirugarren bileran.
Aurrera begirako lan ildoak
Udaleko ordezkariez gain, 20 herritar inguru elkartu ziren azken bilera horretan. Itziar Agirrezabala arkitektoak azaldu moduan, «talde anitza elkartu zen, eta ikuspegi ezberdinak bildu ziren». Aurreko bileretako ondorio nagusiak aztertzeko taldeetan banatuta egin zuten lan. Ondorioen artean honakoak agertzen dira: Zelai erreka zaindu eta daukan protagonismoa ematea, nekazal jardueretarako lur beharrak baloratu ondoren hiruguneko mintegien etorkizuna erabakitzea, lehen sektoreko jardueraren dibertsifikazioa bultzatzea eta bertako produktuen kontsumoa bultzatzea, merkataritzari bultzada ematea eta industrian ekoeraginkortasunaren aldeko aurrerapausoak ematea, turismoaren sustapenean lagun dezaketen ekimenak aztertzea, autoaren erabilera gutxitzeko neurriak hartzea, aparkaleku sistema herritarren beharretara egokitzeko lanean jarraitzea, belaunaldi ezberdinen artean kohesioa sustatzeko ekimenak bultzatzea, erabilera anitzeko areto bat egokitzea, kirol eskaintza joera berrien araberakoa izatea, herritarren etxebizitza beharrak identifikatzea, energia eta ur kontsumoa murrizteko neurriak hartzea, hondakin sistema berriari jarraipena egitea...
Udaren ostean jarraituko dute «herritarrekin batera Ibarra eraikiz». Baina, arkitektoak aipatu bezala, bitartean herritarrek ekarpenak egiteko aukera izango dute, udalaren web orrian Ibarra elkarrekin eraikiz atalean edota udaletxera joz. Aurrera begirako lan ildoak zeintzuk izango diren azaldu zituzten. Urri inguruan deialdi irekia egingo du udalak, eta datozen 8 urtetarako ekintzak zehazten hasiko dira. «Horretarako ahalik eta herritar gehienek parte hartzea nahi dugu, herriaren etorkizunerako oso garrantzitsua baita orain egiten ari garena», esan du Agirrezabalak.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!