Ibarra «elkarrekin» eraikitzeko hirugarren bilera

Iñigo Terradillos 2014ko maiatzaren 30a

Ibarrako Udala Tokiko Agenda 21eko II. Ekintza Plana eta Hirigintza Antolamendurako Plan Orokor berria definitzen ari da, eta horretarako herritarrekin egingo du beste bilera bat datorren asteartean, ekainaren 3an, 19:00etan, Kultur Etxean.

Apirilaren 2an eta 3an egin zituen udalak herritarrekin lehen bilerak, lantzen ari den diagnostikoaren nondik norakoak azaltzeko. Hala, bilera horietan herritarren ikuspegia eta euren ekarpenak ere jaso zituzten udal ordezkariek. Horiek guztiak txertatu dituzte, eta Ibarraren egungo zein etorkizuneko gai nagusien inguruko ondorio batzuk atera dituzte. Ondorio horietan oinarrituz, bi planak definitzen hasi dira.
Datorren asteartean egingo duten bileran ondorio horiek ezagutaraziko dizkiete herritarrei: «Etorkizunean pentsatuz, herritarrekin batera Ibarrako garapena modu iraunkorrean egin dezan jarraitu beharreko pausoak zein diren erabaki behar dugu, ondoren gauzatu beharreko ekintzak zehazteko». Bada, horretarako, herritar guztiak gonbidatu eta animatu dituzte parte hartzera, «Ibarra elkarrekin eraikitzen ari gara eta guztion inplikazioa guztiz beharrezkotzat jotzen dugu».

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!