«Gogoa eta ilusioa izatea nahikoa da horrelako bidaiak egiteko»

Iñigo Terradillos 2014ko maiatzaren 29a

Ibarrako Mendi Astearen barruan, Beñat Doyharzabal eta Maitane Garmendia ibartarrek iragan urtean Hegoamerikan bizikletaz egin zuten bidaiaz hitz egingo dute gaur. Gaztetxean izango da hitzordua, 19:30etik aurrera, eta ondoren mokadutxoa hartzeko aukera izango da.

Pasa den urteko uztailetik abendura bitarte burutu zenuten abentura. Nondik sortu zen ideia?
Beste bidaia bat egiten ari ginela otu zitzaigun. 2012 urteko gabonetan Marokon ginen bizikletaz bidaiatzen, eta bertan pentsatu genuen hurrengo bidaia non egin.  
Nolako esperientzia izan zen?
Esperientzia oso ona izan zen alde guztietatik begiratuta, bai jendearekin izan genuen harremanei, bai ikusi genituen lekuei dagokienez.
Bogotan hasi eta Ushuaian amaitu.
Sei hilabeteko iraupena genuen egiteko, eta horren arabera aukeratu genuen irteera eta helmuga hori. Kolonbian hasi nahi genuen nire bikotekide Maitanek familia duelako han, eta horrela, bide batez, bisitatzeko aukera zuen. Ushuaian bukatzea, berriz, kontinentearen bukaera denez, ba horixe jarri genuen jomuga moduan.
Tartean ze lurralde igaro dituzue?
Hegoamerika iparretik hegora igarotzen duen errepidea hartu genuen Kolonbian. Errepide horretatik gehiegi ez urruntzea gomendatu ziguten, arriskutsua zelakoan. Horrela Ekuadorrera iritsi ginen, eta errepide beretik segi genuen. Sumendi   artean ere igaro ginen oso leku politetatik. Handik Baños aldera jaitsi ginen, oihanera, eta berriro itzuli ginen errepide nagusira. Perura sartu ginen, eta kostaldetik barrena mendikate zurira joan ginen, eta hortik aurrera mendian barrena egin genuen. Hala, 3.000 metroko altueraraino igo ginen. Ikuspegi ederrez gozatzeko aukera izan genuen, eta herri txikietako jendea, berriz, oso ona. Perutik Titikaka aldera, kondaira ugari dituen lakura, iritsi ginen. Bolivia aldera joan ginen basamortutik igaroz, eta handik, Argentina eta Txile arteko mugara. Atacamako basamortutik jarraitu ala Argentinatik 40 Rutatik jarraitzeko aukera zegoen, eta azken hori hartzea erabaki genuen. Argentina erdialderaino horrela egin genuen, Santiagora iritsi arte. Beheralderantz hartu eta Txiloe irlaraino, handik Austral errepidetik Patagonia gurutzatu eta Ushuaiara iritsi ginen.
Zenbat kilometro denera?
8.000 kilometro.
Hori guztia nolako erritmoan?
Ez genuen izan denbora asko leku batera iritsi eta lasai geratzeko. Eguneko 70-80 kilometro inguru egiten genituen batez beste.
Guztia bizikletaz, ezta?
Behin edo beste garraio publikoa erabili behar izan genuen, baina, gainerakoan guztia bizikletaz egin genuen.
Eta, lo egiteko?
Kanpin denda erabiltzen genuen, eta jateko, berriz, su txikia atera, eta hortxe prestatzen genituen jakiak. Hori bai, leku batzuetan ostatua hartzea oso merkea zenez, hori baliatzen genuen.   .
Hamaika bitxikeria ikusi edota biziko zenituzten sei hilabeteetan.
Asko. Kolonbiako herri batean pertsona bat ezagutu genuen, eta esan zigun herria arriskutsua zela, eta hurrengo egunean bere ilobak lagunduko gintuela herritik irteten. Ba, hurrengo egunean bere iloba azaldu zen motor gainean, eta polizia zen. Beraz, eskoltuta atera ginen herri hartatik.
Ondo prestatuta joan behar duzu horrelako abentura batetara?
Bidaia hasi aurretik, begiratzen duzu, zer dagoen batean eta bestean, eta han zaudenean ere, galdetzen duzu. Batik bat, gure moduan bidaiatzen ari direnei galdetzen diezu. Aholkuak ematen dituzu, edota zure esperientziaren berri ematen duzu, eta beste bidaiariek ere kontatu egiten dizute haiek bizitakoa.
Aldez aurretik prestatutako bidaiak atsegin dituzue?
Ez zaigu dena prestatuta joatea. Normalean, planak martxaren arabera sortzea gustatzen zaigu.
Bidaia honetatik beste bat sortu al da?
Asko pentsatu ditugu. Bidaiari askorekin egiten duzu topo, euren bidaiak kontatzen dizkizute, eta leku haietara joateko gogoa pizten zaizu. Udan Islandiara joango gara, hilabeteko iraupenez, eta bizikletaz.   
Edonork egin al ditzake horrelako bidaiak?
Ez nuke esango ausarta izan behar duzunik, baina, gogo handia izan behar duzu. Gogoa eta ilusioa izanez gero, ez da beste ezer behar.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!