«Dantza nire lanbidea izatea nahi eta espero dut»

Iñigo Terradillos 2014ko maiatzaren 28a

Hirugarren aldiz irabazi du Aimar Odriozola ibartarrak Gipuzkoako gazte mailako Aurresku Txapelketa. 2010ean aurkeztu zen lehen aldiz, eta orduan txapela jantzi zuen. Hurrengo bi urteetan bigarren eta hirugarren postuetan geratu zen, eta azken bi txapelketetan irabazlearen txapela jantzi du. Oso pozik dago lortutakoarekin, eta argi du dantzari eskainitako bizitza eraiki nahi duela.

Bost aldiz aurkeztu zara, hirutan irabazi duzu, eta besteetan irabaztear izan zara.   
Lan handia egin behar da, eta ondo egiten baduzu emaitza onak lortzen dituzu.
Lan handiaren emaitza dira, beraz zure lorpenak.
Bai. Agian gaitasunak izan ditzakezu, baina ez badituzu lantzen ez du ezertarako balio. Nire kasuan, eskola asko jasotzen ditut. Asteko zazpi egunetatik bost egunetan behintzat entsegatu edo entrenatzen dut, eta entsegua ez dudanetan, etxean, neure kaxa ere aritzen naiz.
Nola entrenatzen duzu zure burua etxean?
Edozein leku eta une baliatzen dut. Esaterako, pasilloan jartzen naiz, musika jartzen dut, eta ispiluaren aurrean jartzen naiz dantzatzen.
Eta entrenamenduak edo entseguak noiz izaten dituzu?
Astelehenetan eta asteazkenetan ballet eskolak hartzen ditut. Astearte eta ostiraletan eta larunbat batzuetan, berriz, euskal dantzak ikasten ditut.
Nola ikusten duzu zure burua dantzan ari zarenean?
Egia esan, ez zait gehiegi gustatzen neure burua ikustea, nahiago dut ez ikusi. Batzuetan, ordea, ikustea egokitzen zait, baina, helburu zehatz batekin izaten da. Nire emanaldiren edo saioren batean egin ditudan akatsak ikusteko izaten da, aurrera begira horiek zuzentzen edo fintzen joateko.
Argi dago dantza asko gustatzen zaizula.
Bai. Txikitatik asko gustatzen zait dantza egitea.
Eta, aurrera begira non eta nola ikusten duzu zure burua?
Momentuz, emanaldiekin jarraituko dut. Ekainean, esaterako emanaldi ugari ditugu, eta baita txapelketaren bat ere.
Dantzarekin luzaroan jarraitzea da zure helburua.
Bai. Hori gustatuko litzaidake. Orain argi dudana da datorren urtean ere baleet eta euskal dantzen eskoletara joaten jarraituko dudala. Hortik aurrera ez dut gehiegi pentsatu, ez baitut denbora gehiegi horretarako. Behin DBH bukatuta, nondik jarraitu nahi dudan erabaki beharko dut, baina, oraindik ez naiz horretan pentsatzen jarri. Argi dut dantzarekin jarraitzea gustatuko litzaidakeela. Ez dakit, ordea, zaletasun moduan edota lanbide moduan. Nik nahi eta espero dut dantza nire lanbidea izatea, dantzarekin bizi ahal izatea, baina, oraindik, hori pentsatu eta erabakitzeko daukat.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!