Guraso eta haurrek elkarrekin solasteko gune berria martxan

IƱigo Terradillos 2014ko mai. 15a, 12:54

Aste honetan bertan abiaraziko dute ekimena Azkue auzoko ludotekan; izen ematea zabalik dago

Gurasoak eta haurrak elkarrekin egoteko espazioa izan asmo du haurtxokoak. Gaztetxoek lagun berriak egin eta jolasten duten bitartean, gurasoak ere elkarren artean ezagutu eta solasteko gunea. Ibarran jarri nahi dute martxan ekimen berria datorren ikasturteari begira, baina, aurretik, ondorengo bi hilabeteetan, proba moduan abiaraziko dute.

Tomas Ugaldebere Ibarrako Udaleko Euskara eta Hezkuntza arloko teknikariak azaldu duen moduan, herritarrengandik heldutako eskaerari erantzun nahi dio haurtxokoak: «Herritarren hainbat eskaera jaso genituen, haurrekin egoteko leku baten falta edo beharra zutela esanez, batik bat euria egiten duenean». Hori ikusita, hainbat herritan martxan dituzten ekimenak aztertzen hasi ziren: «Tolosaldean bertan Anoetan badute haurtxokoa, eta Donostian Intxaurrondon ere bai. Bi haurtxoko horien inguruan esperientzia politak kontatu dizkigute, bai erabiltzaileak, bai eta udalak ere oso pozik daude, eta gu ere antzeko zerbait egitera animatu gara», azaldu du Ugaldeberek.

Udalak Azkue auzoan dagoen ludoteka baliatuko du haurtxoko moduan erabiltzeko, «horretarako egokituta baitago». Beraz, ludoteka zerbitzua arratsaldeetan ematen denez, haurtxokoa goizetan izango litzateke. «Bi edo hiru ordu izango lirateke goizero, eta ordutegia bertan egongo diren gurasoekin zehaztuko dugu», dio Euskara eta Hezkuntza teknikariak.

Gurasoen ardurapean

0 eta 3 urte bitarteko neska mutilek eta euren gurasoek edota aiton-amonek izango dute lekua haurtxokoan. «Aita edo ama, edota aitona edo amona, haurraren ardurapean egongo den heldu batek hartu beharko du parte». Haurrekin doazen heldu horiek izango dute haurtxokoaren ardura.

Ibarrako Udalak euren esku jarriko du lokala, eta ez du kobratuko. Gurasoak izango dira gunea eta bere zerbitzua antolatuko dutenak, eta beraien ardura izango da lokala txukun mantentzea. «Gurasoetako batek izango du giltza, beraz, bera izango da lokala ireki eta itxi eta udalera giltza itzultzeko ardura izango duena; horrekin batera, guztien artean ludotekako altzariak, jostailuak eta beste zaindu beharko dituzte».

Nola parte hartu?

Irailean jarri asmo dute Haurtxokoa, baina, aurretik, datozen bi hilabeteetan proba moduan edukiko dute. Zerbitzua doakoa izango da, eta parte hartu nahi dutenek udaletxeko Euskara zerbitzuan eman beharko dute izena, goizez, 08:00etatik 14:30era. Zalantzaren bat argitu edo informazio gehiago nahi duenak 943 6738 27 zenbakira dei dezake, edo euskara@ibarrakoudala.net helbidera idatzi.

Zortzi pertsonak eman dute izena dagoeneko, eta aste honetan bertan bilduko da udala eurekin, haurtxokoaren ordutegia zehazteko, eta martxan jartzeko. Aurrera begira, izen ematea irekia izango da, eta nahi duen orok eman ahalko du izena, gehienez 40 haur hartu ahalko dituelarik. Baldintza adin tarte horretako haurra edukitzea da.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!