Leire Agirrezabalak hirugarren egin du Kopan

Asier Imaz 2014ko maiatzaren 5a

Espainiako Kopako bigarren mendi lasterketa korritu zen larunbatean, Andaluzian. Trail Cara los Tajos izeneko lasterketan, Leire Agirrezabalak hirugarren amaitu zuen, Ana Conde eta Maite Maioraren atzetik. Ibartarra garailearengandik bost minutura helmugaratu zen.

Leire Agirrezabalak ez dauka Espainiako Kopa lehiatzeko asmorik, baina denboraldia prestatze aldera, asteburuan parte hartzea erabaki zuen, «lehiaketa erritmoan nola nabilen jakiteko, eta Zegamako lasterketa prestatzeko».
Ibartarraren aurtengo denboraldiko helburua Munduko Kopan parte hartzea da, eta gozatuz lasterka ibiltzea. Maila altueneko probetara ikasteko asmoz joango dela dio Agirrezabalak, mundu horrek nola funtzionatzen duen ikustera.
Egutegiko lehen hitzordua bi aste barru izango da, orduan hasiko baita Munduko Kopa, eta hain zuzen ere, etxetik ez oso urrun. Lehen jardunaldia Zegama-Aizkorri izango da, eta ibartarraren esanetan, proba txukun egin eta bost ordu inguruan ibiltzea izango da bere helburua.
Aurrera begira jarrita, egutegia nahikoa zehazturik dauka ibartarrak:: «Ondoren, beste pare bat aste gogor etorriko dira. Jarraian, atsedenaldi bat, eta itzuleran Munduko Txapelketa izango da. Uztailean lasterketa bat egingo dut, eta abuztuan beste bi».

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!