Ilargipeko lasterketa

inigoterradillos 2014ko mai. 2a, 10:02
Ibarrako plazan hasi eta bukatuko da lasterketa, 2,25 km egin beharko dituzte
Datorren larunbatean, maiatzak 10, kirol ekitaldi berezia izango da Ibarran. Lokatzetan taldeak antolatuta, lehenengo aldiz, Ibarrako Gau Mendi Duatloia egingo dute. Kirol proba den heinean, lehiakorra da, baina, herri izaera duela azpimarratu dute antolatzaileek.

21:30ean abiatuko dira lasterkariak Ibarrako plazatik, eta 4,5 kilometro korrika egingo dituzte. Ondoren, bizikleta gainean 12 kilometro burutuko dituzte, eta azken 2,25 kilometroak lasterka.

Proba bukatzean, anoa postua egongo da, eta parte hartzaileek dutxa hartu ahalko dute. Era berean, bizikleta garbitzeko mangerak izango dituzte euren eskura, eta bizikleta gordailua ere bai, probaren osterako antolatu duten festaz gozatzeko. Izan ere, festa giroa izango da nagusi Ibarrako plazan, zuzeneko musika izango baita, Konbenio del Metal taldearen eskutik, eta parrillada ere bai.

Sariei dagokienez, parte hartzaile guztiek kamiseta teknikoa edota galtzerdiak dituen opari poltsa eta pintxo poterako txartel bana jasoko dute. Irabazleek oroigarria eta lehen mailako produktuekin osaturiko saskia jasoko dute, eta bigarren eta hirugarren geratzen direnek saski bana eramango dute etxera.

Bestalde, antolatzaileek esan dutenez, arau batzuk betetzea derrigorrezkoa izango da, esaterako, gauez denez, korrika saiorako nahiz bizikletaz aritu behar denerako argia eraman beharko da.

«Xarma berezia»

Bost-sei ibartarrez osaturiko taldeak ohitura hartua du astean behin gauez bizikletaz ibiltzekoa. Jon Goikoetxeak azaldu duenez, «xarma berezia» du gauez aritzeak, eta esperientzia hori kirolari gehiagori zabaltzeko asmoz antolatu dute ekimena. Horregatik, herritar oro gonbidatu dute parte hartzera.

 

Ezaugarriak

Eguna. Maiatzak 10.

Ibilbidea lasterka. Ibarrako plaza, San Jose poligonoa, Etxezarreta, Uzturpe ikastola, plaza. (2,25 km)

Ibilbidea bizikletaz. Plaza, San Jose poligonoa, Belauntza alderako bidea, Etxezarreta, ikastola, Leaburu alderako bidea, hilerria, Arane, anbulatorioa, Izaskun gaina, plaza. (12 km)

Proba. Lasterkako ibilbideari bi itzuli + bizikletaz itzuli bat + lasterka itzuli bat.

Izen ematea. mendiduatloia.com, 15 euro edo egunean bertan, 20 euro.

Egitaraua. 20:00etan, dortsalen banaketa; 20:30ean, boxeak zabalduko dira; 21:15ean, boxeak itxiko dira; 21:30ean, Gau Mendi Duatloiaren hasiera; 23:00etan, Konbenio del Metal taldearen kontzertua eta parrillada parte hartzaileentzat eta ikusleentzat; 23:30ean, sari banaketa.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!