Herritarrekin batera, Ibarraren etorkizuna eztabaidatzen

inigoterradillos 2014ko martxoaren 28a

Herritarrei zuzendutako bi bilera deitu ditu udalak, nolako Ibarra eraiki nahi duten jakiteko.

Agenda 21en barruan, Tokiko Ekintza Plana 2008an onartu zen Ibarran, baina, bertan zehazturikoa «zaharkitua» geratu denez, iaz plana berrikustea onartu zuten. Bide beretik, udalak Hiri Antolamenduko Plan Orokorraren berriskupenari ere ekin behar zionez, bi plangintza uztartuko dituen proiektua abiarazi du. Helburua datorren hamarkadan nolako Ibarra nahi den irudikatzea izango da, eta horretarako gai ezberdinak landuko dira herritarren artean, hala nola, lurralde eta hirigintza, ingurumena, gizartea eta ekonomia.

Ainhoa Alonso Ibarrako Udaleko ingurumen teknikariak azaldu duenez, bi planentzat baliagarri izango den diagnostikoa osatzea izango da lehen pausoa. Hori datu objektiboekin eta subjektiboekin egiten da, eta azken horretan sartzen dira herritarrak: «Etorkizuneko Ibarra irudikatzen lagunduko duen diagnostiko bat egingo dugu, herriko egungo argazkia islatuko duena, indarguneak eta ahultasunak agerian utziz, eta horretarako, herritarren ekarpenak jasoko dira eta ekintzak proposatuko dira, aurrera begira zein norabidetan lan egin behar den lagunduko dutenak», adierazi du ingurumen teknikariak.

«Herritarren» proiektua

Bada, herritarren ekarpenak biltzeko bi bilera proposatu dira datorren astean, Ibarrako kultur etxean. Lehena asteazkenean izango da, eta lurralde eta ingurumen arloak jorratuko dituzte: zer etxebizitza mota eraiki, gehiago eraikitzeko beharra dagoen ala ez, herrian dauden azpiegiturak, biodibertsitatea, mugikortasuna edota garraioa bezalako gaiak jorratuko dira. Bigarrena, ostegunean izango da, eta arlo sozial eta ekonomikoari begiratuko diote. Biztanleria, jarduera ekonomikoa, enplegua, merkataritza, osasuna, hezkuntza, kirola edota kultura jorratuko dituzte.

Ainhoa Alonsok «oso garrantzitsutzat» jo du bilera horietan parte hartzea: «Etorkizuneko Ibarra eraikitzera goaz, eta, batetik, herritarrek baino hobe ez du inork ezagutzen herria, eta bestetik, gustatuko litzaiguke herritarrek euren proiektua dela sentitzea». Hori dela eta, Ibarrako Udalak herritar guztiak gonbidatu ditu bilera horietara nahiz prozesu osoan parte hartzera.

 

BILERAK

- Apirilak 2: Lurralde eta ingurumen gaiak jorratuko dira, 19:00etan, kultur etxean.

- Apirilak 3: Arlo sozial eta ekonomikoak landuko dira, 19:00etan, kultur etxean.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!