"Oso gustora" azaldu dira goizean, Jexux Peñagarikano Ibarrako alkatea eta Amaia Azkue Tolosaldeko Mankomunitateko ordezkaria. Asteazkenean hasitako kuboen banaketak "harrera bikaina" izan duela azpimarratu du Peñagarikanok, eta eskerrak eman nahi izan ditu: "Eskerrak eman nahi nizkiete udal taldekideei, mankomunitateari, lanean aritu diren boluntarioei eta baita herritarrei ere, izandako jarrera eta harreragatik". Horrela, atez ateko bilketa sistema datorren apirilaren 4an jarriko dute martxan Ibarran, ostiralarekin; organikoa izango da jasoko duten lehen gaia.
Asteazkenetik hona kuboen %85etik gora jaso dute herritarrek eta, ondorioz, udalak eta mankomunitateak "sistemak aurrera egiteko aukera oso onak" izango dituela uste dute. Kuboak jasotzeko jarritako egun horiez gain, Ibarrako Udalak datorren astean bulegoa zabalduko du berriro, kultur etxean. Goizez egunero izango da zabalik, 10:00etatik 13:00era bitarte. Arratsaldez, berriz, 17:00etatik 19:30era bitarte joan ahal izango da, asteartean eta ostegunean. Era berean, komertzio, taberna eta antzeko establezimenduei datorren astean barrena banatuko dizkie kuboak, banan-banan.
Jexux Peñagarikano alkateak hondakinen inguruko hobariak ere hizpide izan ditu. Datorren asteko osoko bilkuran auzokonposta eta autokonposta egiten duten herritarrentzako hobariak onartuko dituzte, batetik. Bestalde, hondakinen bilketa behar ez duten lokalei tasa kentzeko proposamena egingo du udal gobernuak.
2014, "iraultzaren urtea"
Tolosaldeko Mankomunitateko Amaia Azkuen Ibarrako Udala eta herria zoriondu ditu, "elkarlanean egindako lanak eman duelako lehen emaitza". Azkuek aurreikuspenak eta nahiak beteko direla uste du. Joan den 2013. urtea osparoa izan da eskualdean, hondakinen bilketa eta birziklatzeari dagokionez, izan ere, Tolosaldeko hondakinen %43a birziklatu zen iaz, gaikako bilketa-sistema sei hilabetez martxan izanda.
Horren aurrean "balantzea erabat positiboa" da mankomunitatearen aldetik, eta "Ibarraren antzeko herri handiagoek atez ateko sistemari ekinda, 2014an are gehiago nabarmenduko da portzentaien igoera". Bide horretan, Tolosaldeko Mankomunitateak 2014a "iraultzaren urtea" izango dela uste du, eta eskualdeko bilketa sistemen zero zabor norabidea hartuko dutela.
Aipatzekoa da Gipuzkoan 21 herriz biltzen dituztela hondakinak gaika, atez ate; horietatik 7 herri Tolosaldeko herriak dira.