Egues eta Txemak irabazi dute Karlatz Garagardotegiko mus txapelketa

Asier Imaz 2014ko martxoaren 15a

Ibarrako I. Mus Txapelketa Herrikoia atzo iluntzean hasi zen. Lehen txapelketa Karlatz Garagardotegian jokatu zen, eta 14 bikotek eman zuten izena. Lehen bi sailkatuek finalerako txartela lortu zuten: Egues-Txemak eta Aristondo-Jabik.

Ibarrako Karlatz Garagardotegian mus gaua izan zen atzokoa. 28 jokalari ibili ziren karta jokoan, Ibarrako I. Mus Txapelketaren lehen jardunaldian. Bigarrena hurrengo ostiralean jokatuko da Gaztelubide tabernan. Bertan izena emateko epea 22:00etan zabalduko dute, eta edonork parte hartu ahalko du, Karlatzen jokatu edo ez jokatu.

Finalerako txartela atzokoan lehen bi bikoteek eskuratu zuten, baina horrez gain, euren postuei zegozkien sariak jaso zituzten. Lehen bikoteak 140 euro eraman zituen etxera, inskripzioaren %50. Beste erdia, finalean banatzeko jaso zuten antolatzaileek. Bigarrengoek tabernak jarritako saria irabazi zuten. Kasu honetan, lau lagunentzako afaria, Karlatzen.

Subegi Kultur Elkarteko kideek, antolatzaileek, eskerrak eman zizkien parte hartu zuten guztiei, eta "nola ez, Karlatz Garagardotegiko kideei".

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!