Subegi Kultur Elkarteak, herriko hamaika tabernekin batera, Ibarrako I. Mus Txapelketa Herrikoia antolatu du. Ostiralean hasi eta ekainaren 27an amaituko da, egun horretan jokatuko baita finala.
Txapelketaren araudia erraza da, hau da, hamaika kanporaketa eta final bat egongo dira, asteburuero bat. Kanporaketa bakoitza taberna batean jokatuko da, eta lehen bi bikoteek bi sari izango dituzte. Alde batetik, kanporaketa horretan jokatuko dena, eta bestetik, finalerako txartela.
Karlatz Garagardotegian 22:00etan zabalduko dute izen emateko aukera. Ondoren, inskripzioaren %50a bikote irabazleak eramango du. Bigarren saria tabernak jarriko du. Bi bikote hauek finalerako txartela lortuko dute. Izen ematea 20 euro izango dira.
Inskripzioaren beste %50a finalerako jasoko da. Horrela, 11 kanporaketetan bildutako dirua banatuko da finaleko irabazleen artean. Sariak, beraz, «oso potoloak» izango direla esan dute antolatzaileek.
Subegi eta Karlatzekin batera, ondorengo tabernek hartuko dute parte mus txapelketan: Gaztelubide, Sendi Ekintza, Alai, Atari, Danon Txokoa, Zubiaurre, Izaskun taberna, Jubilatuen taberna, Txumitxa, eta Izaskun Jatetxeak.