Sebastian Goikoetxea, 'Xebas' gogoratu dute

Jon Miranda / Rebeka Calvo 2014ko mar. 8a, 09:39
37 urte bete dira Sebastian Goikoxetxea ibarrako gaztea eta Nikolas Mendizabal 'Zaharra' hil zituztela. Gabiria parean, Zumarragarako bidean gertatu zen Guardia Zibilaren kontrol batean. Ibarran, urtero bezala, lore eskaintza eta omenaldia egin dizkiete. Honetaz gain, Bide Ertzean taldeak kontzertua eskainiko du Gaztetxean igandean. Izan ere, taldeko Joni eta Imanol Ubedak osaba zuten Sebas.

Xebas eta Zaharra 1977ko martxoaren 8an, astearte batez hil zituen Guardia Zibilak, Gabirian, arratsaldeko 16,30ak aldean. Zumarraga aldetik autoan zetozen ETA politiko-militarreko bi kideak, Francisco Aldanondorekin batera. Altzibar baserriaren parean, Gabiriako bidegurutzean, errepide-kontrola jarrita zeukaten guardia zibilek.

Metraileten tiroekin bertan hil zituzten Xebas ibartarra eta Zaharra zaldibiarra, eta hankan zauritu zuten Aldanondo. Ondarrutarra bi urte geroago hil zuen Guardia Zibilak, hemen, Tolosan, tiroketa batean.

Protesta biziak eta ezinegon handia eragin zituen garai hartan bi etakideen hilketak. Amnistia eman aurreko hilabeteak ziren, ikurrina legeztatu zuten. ETAren  bi adarrak geldi antzean zeuden azarotik, Erreforma Politikorako Legea onartu eta Espainiako hauteskundeak egin bitartean negoziazioak izan baitziren borroka armatuaren inguruan.

Gabiriako hilketen ondoren egoera politikoa gogortu egin zen, berriz. Manifestazio jendetsuak eta greba orokorrak egin ziren Hego Euskal Herri osoan gertaera hura salatzeko. Espainiako Gobernuak bigarren amnistia partzial bat eman zuen martxoaren 11n, giroa lasaituko zuelakoan. ETA-pm erakundeak bi egun geroago, martxoaren 13an, Arrasaten guardia zibil bat hilez erantzun zion hilketa bikoitzari.

Xebasi omenaldia egingo diote Ibarran, bihar.  12:30ean lore eskaintza egingo diote hilerrian, eta 13:00etan Aranen, bizi zeneko etxearen parean, omenaldia egingo diote. Horretaz gain, Bide Ertzean taldeak kontzertua eskainiko du igandean 19:00etan Ibarrako Gaztetxean '77' diskoa aurkezteko. Ubeda anaiek osaba zuten Sebas Goikoetxeari eskainiko diote emanaldia.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!