Irisgarritasuna hobetzeko hainbat ekimen burutuko dituzte Ibarran

Ataria 2014ko ots. 20a, 09:35

Dagoeneko erabilgarri dago Euskal Herria kalean berritu duten espaloia.
Herriko irisgarritasuna hobetzeko helburuz hainbat ekimen aurreikusi ditu Ibarrako Udalak 2014rako. Batzuk dagoeneko eginak ditu, Euskal Herria kaleko espaloia kasu, eta beste batzuk urtean zehar egingo ditu, herriko plazaren inguruan, hain justu.

Ibarrako Euskal Herria kaleko 19. zenbakitik 25era bitarte, anbulatorio pareko semaforotik alokairuzko etxebizitzetara espaloia berritzeko lanekin aritu dira azken asteetan. Hanot Karrera obra eta zerbitzuetako zinegotziak adierazi duenez, «berritzeko beharra zuen, eta irisgarritasuna hobetzeko, zabaldu egin dugu». Izan ere, espaloia estua zen, eta bertatik pertsona bat edo gehiago igarotzeko zailtasunak zeuden: «esaterako, gurpil aulkidun elbarri bat eta beste pertsona gurutzatzen baziren ez zegoen lekurik». Bada, 60 zentimetro gehiagoko zabalera du orain espaloiak. Gainera, berritzearekin batera, azpiko hoditeria aldatzeko ere baliatu dituzte lanak. Lan horiek amaitu berri dituzte, eta dagoeneko bertatik igaro ahal dute herritarrek normaltasunez.

Plazaren inguruan

Obra hori aurtengo udal aurrekontuetan aurreikusia dago. Horrez gain, beste bi ekimen gutxienez egin nahi ditu aurten udalak, baina horiek ez daude aurrekontuetan sartuta: «Ez dira oso proiektu handiak izango, eta gure asmoa udal langileekin egitea da». Ondorioz, materialen kostua baino ez luke ordainduko udalak. Obra horiek ez dute data zehatzik, eta brigadaren lan kopuruaren eta eguraldiaren arabera egingo dituztela azaldu du obretako zinegotziak.

Hain justu, plazaren inguruko irisgarritasuna hobetzeko izango dira beste bi ekimenak. Bata, Ibaigainen izango da, eta semaforoaren segidan dagoen espaloiaren luzera handituko zaio: «Aldapa horretan, zebrabidea egin berri da, eta orain espaloi hori luzatzea beharrezko ikusten dugu». Bestea, plazarako zubian egin nahi da. Hor altuera berean jarri nahi da dena, hau da, berdindu egingo da: «Zubiaren bukaeran, eskuinera baratzetara eta ezkerrera dantza lokaletara joateko aukera dago, baina, gaur egun altuera desberdinean daude, eta dena maila berean jarri nahi dugu».

Hanot Karrera zinegotziak azaldu duenez, «herriko punturik kritikoenak» hartu dira kontuan ekimen horiek egiterakoan: «Horrez gain, herritar asko igarotzen den puntuak ere badira, beraz, lehentasun handia zuten lanek».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!