Ibarra, munduko txapelketara bidean

asierimaz 2014ko ots. 19a, 10:23
2012an Eskoziako munduko txapelketan talde mistoak irabazi zuen, eta herrian omenaldia egin zieten
Duela bi urte munduko txapeldun gelditu zen Ibarrako sokatira talde mistoa. Txapela berritzeko aukera dute egunotan, Irlandan jokatuko den Munduko Sokatira Txapelketan. Alde batetik, kluben txapelketa izango da, eta bestetik, nazioena. Euskal Herriak bere selekzioa izango du, federazioaren izenean aterako baitira.

Castleberg herrian jokatuko da sokatira txapelketa,  bihartik igandera bitarte. Lehen bi egunetan, taldeen arteko lehiak ikusiko dira, eta beste bietan, herrialde mailakoak. Ibarrako espedizioa 28 pertsonek osatzen dute, eta bihar abiatuko dira hegazkinez Irlandara. 25 tiralari joango dira bidaian.

Gizonezkoak hiru probatan aterako dira: 640, 600 eta mistoan. Emakumeak, 540, 500 eta mistoan.

Munduko txapelarekin etxera itzultzea ez da erraza izango, kontuan hartu beharreko baldintza ugari baitaude. Taldeka, multzotan banatzen dira taldeak, eta zozketek eragin handia izaten dute; multzoan aurkari indartsuenak tokatzetik, ahulenak tokatzera, adibidez. Mistoetan duela bi urte aurten baino talde gutxiago zeuden, ondorioz, aukerak ere gutxitu egiten dira.

Euskal Herriko txapelketek ere zeresana eman dute. Igandean amaitu ziren, eta gainontzeko euskal taldeak oso indartsu daudela argi gelditu zen. Mutiletan Abadiño aipatzen dute guztiek, eta nesketan, Gaztediren itzulera. Aurkari gogorrenak, beraz, etxean bertan egon daitezke.

 
 

Anjel San Roman Artazcoz; mutilen entrenatzailea

"Lehiarako orduan, barruan duten guztia ematea soilik eskatzen diet"

 

1984. urtean sartu zen Anjel San Roman (1955, Donostia) sokatira munduan. Tiratzaile bezala 10 urte aritu zen, eta ondoren, entrenatzaile lanari ekin zion. Ibarrara 2010. urtean iritsi zen, taldea sortu eta gutxira. Ibilbide luze horretan, 14 munduko txapelketa ezagutu ditu.

Ibarrako mutilek denboraldi ona egin al dute? Ez.

Beste taldeek goraka egin dute, eta hala eta guztzi ere, 640 kilotan bigarren egin zenuten.  Ez zait aitzakia bila ibiltzea gustatzen. Datorrena, ona edo txarra, etortzen den bezala hartzen dut. Baina aurten 74 entrenamendu antolatu ditut, eta ezin izan dira erregulartasun batez aurrera atera. Tiralari batzuk ezan izan dute maiztasunez etorri arrazoi pertsonal desberdinengatik. Hau ez da lanbide bat, afizio bat, kultura bat baizik. Denboraldia, beraz, txarra izan da.

Munduko txapelketaren urtea dela nabaritu al da lehian. Nire ustez, talde bakarra preparatu da arrazoi horretarako, eta hori argi gelditu da. Urte honetan, gainera, inoiz baino gehiago preparatu direla uste dut. Abadiñoz ari naiz. Beste intentsitate batekin aritu dira, eta munduko txapelketan oso ondo ibiliko direla uste dut.

Zure mutilei zer eskatuko diezu txapelketa honetarako? Lehian, barruan duten guztia ematea. Hori egiten badute ni gustura. Dominak iristen badira, hare eta gusturago.

Aukerak non ikusten dituzu? Mistoan ondo ibiltzeko aukerak daude. Gero, 640 kilokoan ikusi beharko da, oso zaila izango den arren.

Mundu mailako txapelketa hauetatik zer ikasi duzu? Irabazteko asko entrenatu behar dela; gauzak oso ondo egin behar direla.

Nazio mailan, Euskal Herria zein mailatan ikusten duzu?  Ondo ikusten dut, batez ere pisu txikietan. 680 kilora gerturatzen bagara, zerbait egin daitekeela uste dut. Tiraldi hauek azken bi egunetan izango direla kontua hartu behar da, eta aurrez, egunero tirako dutela. Ikusi beharko da nola iristen diren azken bi egun hauetara.
 
 

Leire Zumeta; tiralaria

"Bi urte hauetan esperientzian irabazi dugu, eta bloke bat osatu dugu"

1986. urtean jaio zen Leire Zumeta, Anoetan. Aurtengoa, bigarren munduko txapelketa izango da berarentzat.


Munduko txapeldun bezala zoazte Irlandara. Zein sentsazio dituzu? Talde piloa elkartuko gara bertan. Mistoan, txapela irabazi genuen duela bi urte, baina aurten talde gehiago egongo dira. Oroitzapen oso onak ditut. Nahasketa handia egoten da, eta kultura, aurpegi... berriak ikusten dituzu. Gogo handiarekin goaz.

Munduko txapelketa bat ez da erronka makala. Bi urteren bueltan, taldea nola dago? 2012an batzuk hasi berriak ginen. Oraindik taldea bloke moduan osatu gabe zegoen. Bi urte hauetan esperientzian irabazi dugu, eta blokea osatu dugu. Ea emaitzak ematen dituen.

Aurkarien zerrenda etxekoetatik hasten da. Euskaldunak elkarren aurka aritu gara denboraldi osoan, eta badakigu bakoitza non dagoen. Orain atzerriko taldeak ikustea gelditzen da. Ahal duguna egingo dugu, eta gero, ikusiko da.

Sokatira ez da ohiko kirola. Pertsonalki zer ematen dizu? Ez da korrika ibiltzea edo besterik gabe oinez ibiltzea bezala. Beste modu bateko kirola da. Gure artean oso giro ona dago, eta egun osoa lanean pasa ondoren entrenatzera joatea gogorra da, baina giro horrek asko laguntzen du, ilusioa mantentzen du. Guzti hori hor dago, kirolak berak ematen dizunaz gain.
 
 

Mattin de la Sotilla Aiestaran; tiralaria

"Euskal selekzioa etorkizunari begira aurrera pausoa izan daiteke"





Mattin de la Sotillak 23 urte ditu, eta bigarren munduko txapelketa jokatzeko prest dago. Tolosarrak gorakada itzela egin du azken urteetan Ibarrako taldean.

Euskal Herriko denboraldia iragan igandean amaitu zen. Nola joan zaizue? Denboraldia hasi genuenean indartsu ibiliko ginela pentsatzen genuen, baina emaitzek ez digute gehiegi lagundu. Munduko txapelketan dena ematen saiatuko gara. Tiratzaile asko gaude taldean, eta entrenatu ere gogor egin dugu. Neskak ere oso ondo daude.

Eta maila pertsonalean, zer da zuretzat munduko txapelketa. Aurrekoan harrituta gelditu nintzen. Lehen egon direnek esaten dizute nolakoa den, baina ikustea beste gauza bat da. 23 urte azpikoetan lehiatu ginenean, aurkarien maila harrigarria egin zitzaidan. 10 urterekin sokan hasten dira batzuk, eta gero txinatarrak zeuden. Afizioa baino ia ofizioa da hauentzat. Bekak jasotzen dituzten bakarrak dira.

Ibarrak zer nolako maila emango duela uste duzu? 640 kilotan lehiatzeko asmoz goaz. 600 kilotan ere aterako gara, baina tiratzen ez dugunok parte hartzeko izango da, gehienbat. Gero mistoa egongo da, eta ea zerbait egiteko aukera dugun.

Munduko txapeldunak zarete. Aurten Euskal Herriko txapelketan bigarren gelditu ginen, igandean. Euskal taldeen maila handia da, eta Gaztedi itzuli da. Mutiletan Abadiño azpimarratuko nuke, beste taldeak baino maila bat gorago dagoela erakutsi baitu aurten. Munduko txapelketa polita egingo dutelakoan nago.

Azken bi egunetan selekzioen txanda izango da. Euskal Herrikoa bertan egongo da. Atera edo ez atera hor ibili gara denboraldian zehar, eta azkenean ateratzea erabaki da. Aurrera pausoa izan daiteke etorkizunari begira. Ikusi beharko da nola joaten den, baita antolatzaileen jarrera ere.

Irlandara zoazte. Ez da dena kirola izango, ezta? Dena ez da tiratzea bakarrik izaten horrelako hitzorduetan. Azken egunean adibidez, guk ez dugu tira beharko, eta hor parrandaz gozatzeko aukera izango dugu.
 
 

Lander Otermin; nesken entrenatzailea

"Mistoa aurten ez da berrikuntza izango"

 

Lander Oterminek lan bikoitza izango du Munduko Sokatira Txapelketa honetan. Alde batetik, tiralari moduan ariko da ibartarra, eta bestetik, nesken entrenatzaile gisa.

Nola iritsi dira hitzordu honetara Ibarrako neskak? Lauko txapelketan oso ondo ibili ziren, eta zortzikoan 540 kilotan txapela lortu zuten. 500 kilotan bigarren gelditu ziren. Gaztedi indartsu itzuli da goma gainera, eta horiei irabaztea zaila izango da. Gero talde gehiago daude, zozketak, giroak... eragina izango dute.

Gaztedi zeresana ematen ari da. Lehen ibiltzen ziren goma gainean. Gero lur gainera pasa ziren, eta azken aldian tira gabe zeuden. Orain berriro itzuli dira, eta maila handian. Ofizioa ederki ezagutzen duen taldea da, eta munduko txapelketan lan txukuna egiteko aukerak dituzte. Guretzat, aurkari gogorrenak etxekoak izango direla uste dut.

Txinatarrek azken txapelketan zeresana eman zuten. Mutiletan horrela izan zen, nesketan aurrez ere oso ondo ibiltzen ziren. Horiek ziur oso ongi prestatuta iritsiko direla.

Mistoan garaipena errepikatzea posible ikusten al duzu? Duela bi urte berrikuntza zen, aurten ez da horrenbeste izango. Talde gehiago egongo dira; ez da erraza izango.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!