Asteburu honetan hiru txapela zeuden jokoan, eta ibartarrak bitan bigarren gelditu dira. 500 kilokoaren hirugarren jardunaldia jokatu zen Ezpeletan larunbatean. Ibarra eta Gaztedi lehen bi postuetan iritsi ziren azken jardunaldira, eta lehia erabakigarrian, Gaztedi nagusitu zen, tiraldi guztiak irabaziz. Ibartarrek txapeldunen aurka bakarrik galdu zuten, eta ondorioz bigarren geratu ziren.
Igandean gauza bera gertatu zitzaien eskualdeko tiralariei. Kasu honetan, 600 kiloko mistoak jokatu ziren Ibarrako Belabieta kiroldegian. Denboraldiko azken tiraldia etxean jokatzen zuten ibartarrek, eta txapela irabazteko aukera guztiak probestu nahi zituzten, baina ez zen posible izan.
Jardunaldi bakarreko saioa izan zen mistoen mailakoa. Talde bakoitza lau neska eta lau mutilek osatzen zuten, eta Ibarra bi zortzikorekin joan zen lehiara. Indartsuenak, ordea, Gaztedi Akoak izan ziren, tiraldi guztietan aurkariak gaindituz. Ibarra A sailkatu zen bigarren, bizkaitarrekin galdu eta gainerako guztiak irabazita. Hirugarren Badaiotzek amaitu zuen, eta laugarren, etxekoen bigarren taldeak. Bosgarren Gaztedi Bko tiralariek amaitu zuten, eta azkenak, Berriozargoak izan ziren.