Inbertsioen atalean igoera nabarmena dute Ibarrako aurrekontuek

J. Miranda - I. Terradillos 2014ko ots. 12a, 11:56
Onartu berri ditu Ibarrako Udalak 2014 urterako aurrekontuak. 4.455.000 euroko aurrekontua izango du, pasa den urtean baino %3 gehiago, 150.000 euro inguru. Inbertsioen atalak, pasa den urtekoen aldean, %19ko igoera izan du.

Onartu berri ditu Ibarrako Udalak 2014 urterako aurrekontuak. 4.455.000 euroko aurrekontua izango du, pasa den urtean baino %3 gehiago, 150.000 euro inguru. Igoera hori inbertsioen atalean nabarituko da, bereziki, bertan ekimen gehiago egitea ahalbidetuko duelarik.

Jexux Peñagarikano alkateak adierazi duenez, «igoera garrantzitsua da». Sarrerak handitu egin direlako gertatu da hori, erakundeetatik datorrena, batez ere. «%55 baino gehiago foru fondotik jasotzen dugu, eta aurtengorako aldunditik esandakoaren arabera, gehiago jasoko dugu, eta oraindik zehatz ez badakigu ere pasa den urtean baino 100.000 euro gehiago izango dela aurreikusi dugu». Beste diru sarrera batzuk ere iritsi ziren aldunditik pasa den urte bukaeran hainbat lan egiteko, eta horrez gain, zerga bilketan jasotakoa espero baino handiago izan da.

Udalaren egoera ekonomikoari dagokionez, kontuak «ondo» daudela esan du alkateak. «Bi milioi pasako zorra du udalak, zor eramangarria, gazteentzako etxebizitza dotazionalak egiteko maileguak hartzen duelarik zati handiena». Hori gastu orokorrari «eutsita» lortu da: «Esaterako, lehen bazen partida bat alderdi politikoei zegoekiena, dietena-eta, eta hemen, 2010. urtean zeuden 110.000 euroetatik 36.000 eurora pasa gara. Bildu gobernuan sartu zenetik, alkatea soilik dago liberatuta, hau da, berak bakarrik kobratzen du. Beraz, ia 70.000 euro aurrezten ditugu atal horretan urtero». TAO sistemarekin ere zorra gutxitzea lortu dutela baieztatu du Ibarrako alkateak: «Lehen zor handia genuen antolatuta zegoen moduagatik, eta 75.000 euro gastatzen zen eta 20.000 euro jaso. Orain, berriz, aldaketa batzuen ostean, TAOrekin dugun zorra 40.000 ingurura jaitsi da».

Ekimen horiei esker inbertsioetarako kopuru handiagoa gorde ahal izan dute. Hain justu, atal horrek izan du igoerarik nabarmenena, pasa den urtean baino %19 gehiagorekin. Ia 400.000 euro edukiko ditu udalak inbertsioetarako, eta zatirik handiena Ibarrako plazan, udaletxean egingo den estalpeak hartuko du. «Jende asko elkartzen da plazan, eta hutsune hori badu euria-eta egiten duenean», dio Peñagarikanok.

Parte hartze pozesu bat jarri zuten martxan herritarren eskakizunak ezagutzeko, eta horiek guztiak kontuan hartuta, osatu du udalak proposamena. Eraiki ahal izateko tramiteek bi edo hiru hilabete joko dute, eta ondoren, herritarrek izango dute proiektu desberdinetatik aukeratu eta iritzia emateko unea. «Gure asmoa proiektu egoki bat izatea da ekainerako. Oso proiektu garrantzitsua da, eta behar duen denbora eskaini behar zaio»

Agenda 21

Inbertsioen beste zati «garrantzitsu» bat hiri antolamenduaren plana idazten hasteko erabiliko dute. «Agenda 21eko azterketa berrikustea egokitzen da aurten, eta hori ere plan integral bat denez, eta hor barruan lurraldetasuna eta eraikigarritasuna sartzen direnez, plan orokorrerako baliatzea hor eginiko lana da gure asmoa; horrela diru kopuru bat aurreztea espero dugu». Parte hartzearen bitartez egin asmo dute hori.

Parte hartzea landuz

Hainbat prozesu parte hartzaile bultzatu dituzte udaletik, eta gaiaren arabera harrera hobea edo okerragoa izaten duela parte hartzeak azaldu du Peñagarikanok: «Oso gertuko gaia denean, berehala hartzen dute parte herritarrek. Arau subsidiarioen inguruan prozesu bat ireki genuen, eta ez genuen gehiegi asmatu». Bada, prozesu horiekin jarraitzeko asmoa du udalak aurten ere, baina, herritarrek parte hartzea lortuz, eta hori lantzea dute helburu. Hain zuen ere, parte hartze prozesua jendetsua izan den gaietako bat hondakinena izan da. Gaikako bilketa sistemaren inguruan lau batzar egin zituzten, eta oso jendetsuak izan ziren.

Udaberrirako martxan

Bada, batzar horien ostean, alegazio epea zabalik dago orain, eta hori amaitzean, udaberri hasieran martxan jartzeko asmoa du udalak atez ateko hondakin bilketa sistema. Zutabeak, esaterako, laster jarriko dituzte.

Hala ere, Ibarrako alkateak, dioenez, «beste bide batzuk ere jorratu behar dira, norbere hondakinak kudeatzeko aukera, esaterako, eta uste dut hor asmatzen ari garela». Izan ere, auzo konpostajea martxan jarri zuten iaz, eta egun 160 familia inguru ari dira konpostatzen. Pasa den urtean bi eremutan jarri zituzten, eta aurten zabaltzeko asmoa dute, beste bi jarriz.

Hondakinak biltzeko aukeraturiko sistemari buruz, «eraginkorrenaren alde» joko zutela hasieratik esan zutela dio Ibarrako alkateak: «Dagoeneko jarria duten herrietan ikusi da lortzen ari diren emaitzak, beraz, atez atekoaren alde egin dugu». Aldaketak datozenean errezeloak eta kezkak ohikoak izan ohi direla dio, baina gero, denbora pasatzean, norberak ikusten duela ondo egin dezakeela. «Kontua da, norberak bere esku duen hori egin behar duela, ahal duen neurrian».



 

Gizarte alorrean «esfortzua» zerbitzuak behar bezala emateko

Kale hezitzaileak hilabete honetan bertan hasiko dira herriko gazteekin lanean

Gizarte zerbitzuen alorrean, 2014ko aurrekontuetan ikusten den moduan, Ibarrako Udalak «esfortzu berezia» egingo du gizarte zerbitzuetan. Hala, esaterako, larrialdi egoeran dauden herritarrei diru laguntzak bermatzeko kopuru bat gorde du: «Eusko Jaurlaritzak kudeatzen ditu laguntza horiek, eta iaz ere urtea amaitu baino lehen amaitu ziren, gordeta genuenetik jarri beharra izan genuelarik; beraz, aurten ere aurreko urteetan egin moduan, 20.000 euro utzi ditugu atal horretarako», azaldu du Peñagarikano alkateak.

Etxez etxeko laguntzarekin ere antzekoa da egoera, hau da, aldundiak ematen duenaz gain, kopuru bat gehitzen du udalak, hori ez baita nahikoa «behar eta merezi duen zerbitzua» emateko. Hain zuzen ere, 50.000 euro, gorde ditu udalak aurtengorako.

Kale hezitzaileak

Horrez gain, zerbitzu bat berreskuratuko du urte honetan udalak, «dagoen behar eta hutsunea» ikusi ostean. «Ikastolatik ere eskaera egina zegoen, eta ikusten genuen ibartar batzuk Tolosara joaten direla zerbitzu horiek jasotzera, beraz, kale hezitzaileen zerbitzua martxan jartzeko unea zela erabaki genuen», dio Peñagarikanok.

Iaz jarri nahi zuten martxan, baina azkenean atzeratu, eta hilabete honetan bertan jarriko dute abian zerbitzua. Izan ere, dagoeneko esleituta dago funtzio hori beteko duen enpresa. «Zerbitzu hori beharrezkoa dela iruditzen zaigu, arriskuan egon daitezkeen gazteak detektatu, ikastetxeekin eta irakasleekin harremanetan egoteko... Prebentzio lan beharrezkoa eta interesgarria egiten dute herriko gazteekin».

Bestalde, beste zerbitzu berri bat ere laster izango da martxan. Hain justu, gazteen etxebizitzen eraikinaren beheko lokaletako batean Goyenetxek eguneko zentro bat irekiko du Gureakeko langileentzat. Uda baino lehen aurreikusi dute izango dela martxan. «Tolosako egoitza txiki geratu zitzaien, eta Ibarra leku egokia iruditu zitzaien. Ibarrarentzat ere oso garrantzitsua da horrelako proiektu bat».

Beste lokalari dagokionez, oraingoz, hutsik geratuko da: «etorkizunean eguneko zentro baterako-edo behar bada gordeko dugu».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!