"Kontsumoaren adina atzeratu eta drogekiko arazoak murriztea da xedea"

inigoterradillos 2014ko ots. 11a, 09:41
Amaia Barcenilla prebentzio teknikariak hitzaldia emango du gaur, Ibarrako kultur etxean.
Drogomenpekotasunaren prebentzioaren gaia jorratuko dute, Ibarrako Benito Izagirre kultur etxean, gaur, 18:00etatik aurrera, ikastolako DBH 1 eta 2. mailako ikasleen gurasoekin. Amaia Barcenilla prebentzio teknikariak izango da hizlaria.

Drogomenpekotasunaren prebentzioaren inguruko lanketa ari dira egiten Ibarrako Uzturpe ikastolako DBHn, Agipad drogen erabilera arazotsuen ikerketa eta prebentzioa lantzen duen Gipuzkoako elkartearen laguntzaz. Hain justu, bertako prebentzio teknikaria den Amaia Barcenilla izango da gaur, Ibarrako kultur etxean, 18:00etan. DBH 1 eta 2ko ikasleen gurasoei prebentzioarekin lotuta egiten ari diren lana eta gurasoek gai honetan paper garrantzitsua dutela azalduko die.

Nola ari zarete drogomenpekotasunaren prebentzioa lantzen Uzturpe ikastolan?
Beraiekin jarri ginen harremanetan programa baten berri emateko. Interesgarri ikusi zuten, eta bi programa lantzen hasi gara, mailen arabera: DBHko lehenengo zikloko ikasleekin tutoreak tabakismoaren prebentzioa lantzen ari dira, Gipuzkoako Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendaritzaordeak bultzaturiko Kerik gabeko gelak programaren bitartez, eta hirugarren eta laugarren mailakoekin alkoholaren eta kalamuaren gaia landuko dute. Azken horiek ere Jaurlaritzaren diru laguntzen bitartez egingo ditugu. Guk materiala eta formazioa ematen diegu hezitzaileei.

Irakasleez gain, gurasoekin ere landu behar da gaia.
Bai. Bi egunetan hitzaldiak egingo ditugu beraiekin. Lehenengoa gaurkoa izango da, eta DBH1 eta 2ko ikasleen gurasoekin bilduko gara, eta otsailaren 25ean DBH3 eta 4ko gurasoekin. Batetik euren seme-alabekin ikastolan zer landuko den esango diegu, eta bestetik, familiei azalduko zaie egungo egoera zein den, eta dituzten zalantzak eta galderak erantzungo ditugu.

Gurasoak, oro har, kezkatuta egoten al dira gai honekin?
Euren seme-alaben mailaren arabera izaten da. Lehenengo eta bigarren mailan, agian, kezka handiagoa izaten dute, oraindik gaztetxoak direlako. Adinaren arabera, kezkak aldatuz doaz; hasieran tabakoa edo alkoholaren beldur dira, eta geroago bestelako drogen beldur izaten dira. Egia da beldur handiena ematen duten drogak, kokaina, kasu, ez direla gehien kontsumitzen direnak izaten, eta hori transmititzen saiatzen gara. Tabakoa eta alkohola direla gehien kontsumitzen direnak azaltzen diegu, eta droga ilegalen artean, berriz, kanabisa dagoela.

Gurasoei zein mezu helarazi nahi izaten diezue?
Familia moduan paper garrantzitsua dutela eta asko egin dezaketela esaten diegu. Horrez gain, lan prebentiboa egunero eta txikitatik egin behar dela esaten diegu, eta egindako lan hori nerabetasunean asko nabarituko dela. Horrek ez du esan nahi kasu egingo digutela beti, eta ez dutenik inoiz alkoholik probatuko. Baina, gauza bat da probatzea eta bestea drogekin arazoak izatea.

Prebentzioarekin zer lortu nahi da?
Prebentzioaren helburu nagusia kontsumoaren hasierako adina atzeratzea, eta drogekin dauden arazoak saihestu eta murriztea da. Tabakoaren kasuan, hasierako adina, probatzeko adina, alegia, 12-13 urtekoa da. Hor izaten dute lehenengo kontaktua. Prebentzio programaren bidez tabakoaren inguruko informazioa lantzen da. Egia da, azken urteetan tabakoaren kontsumoa, batez ere helduetan, jaitsi egin dela, baina, gaztetxoen artean mantendu egin da.

Zergatik hasten da 12 urteko gaztetxo bat tabakoa probatzen?
Oraindik ez dira helduak, baina, helduago sentitzeko egiten dute. Garrantzitsua da jakitea arrazoi desberdinengatik hasten direla neskak edota mutilak. Mutilak heldutasun kontu horrengatik, eta neskak, baita ere, alderdi fisikoarengatik, hau da, tabakoa erretzeak argaltzen duenaren usteagatik.

Eta alkoholarekin?
Alkohola bigarren mailan hasten gara lantzen, hasierako adina hor egoten delako normalean. Lehendabizi saiatzen gara ikusten zer dakiten beraiek alkoholaren inguruan, zein informazio duten, eta zer esperientzia izan duten. Hortik, saiatzen gara euren mito eta usteak aldatzen. Gainera, alkoholaren kontsumoak dakartzan ondorioez hitz egiten diegu.

Kalamuarena, berriz, nola lantzen duzue?
14 urteen bueltan egon ohi da hasierako adina, kasu honetan, eta hor hasten gara lantzen. Hemen ere kalamuaren inguruan esan ohi direnak, dauden mito horiek aldatzen saiatzen gara, eta ahalik eta informazio objektiboena ematen dugu. Izan ere, informazioa maneiatzen dute, baina ez da egokiena izaten.

Gaztetxoek gaur egun drogekin duten harremanaz zer esango zenuke?
Guk ikastetxe askotan lantzen ditugu programa hauek, eta askotan prentsan azaldu arren gazteak geroz eta azkarrago hasten direla drogak probatzen, eta egoera okerrera egiten ari dela, nik ez nuke esango azken urteetan gehiegi aldatu denik. Mantendu egin da. Taldea, ikastetxea edo herriaren arabera ere aldaketa handiak egon daitezke.

Ikastetxearen kokaguneak, beraz, zerikusia du.
Badaude leku batzuk, non drogen inguruko arazoak handiagoak diren. Diruak ere zerikusi handia izan dezake, izan ere, diru asko dagoen leku edo zonaldeetan kontsumo handiagoa izatea gerta daiteke.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!