Alor guztietan berdintasuna lehenetsi nahi du Ibarrako Udalak

IƱigo Terradillos 2014ko urt. 16a, 09:04
Herriko emakumeen eta gizonen arteko egoeraren diagnostikoa egin dute, eta berdintasun plana eratzea da helburua

Ibarrako udaletxeko egunerokotasunean berdintasuna nahiz aniztasuna transbertsalitatez lantzea dute helburu, eta horretan urratsak ematen ari dira. Berdintasuna eta Aniztasuna sailak azken legealdian sortu zituzten. Naiara Lopetegi Berdintasun zinegotziak azaldu duenez, «udalak erabateko izaera izatea nahi dugu, eta esaterako berdintasuna kontuan hartzea gainerako alor edo ekimenetan». Xede hori oinarri hartuta, herriaren diagnostikoa egin dute, egun herrian dagoen gizonen eta emakumeen arteko egoeraren berri izateko.

Eusko Jaurlaritzaren laguntzarekin osatu dute azterketa, eta une honetan, gaika ondorioak aztertzen ari dira, alorrez alor dauden hutsuneei edota indarguneei erreparatuz. «Diagnostikoa egin, eta ondorioak zehaztu ostean, hurrengo pausoa plana zehaztea izaten da, guztia errealitatera eraman ahal izateko», dio Lopetegik. Aurrera begira, beraz, berdintasun plana zehazteari ekingo dio udalak, baina oraindik zehaztu gabe du noizko izango den prest, «aurrekontuaren arabera datorren urtera arte atzeratu beharko baita». Dena den, plana garatu bitarte ere lanean jarraituko dute udalean: «Aurten, esaterako, Uzturpe ikastolarekin elkarlanean hezkidetza programa jarriko dugu martxan, irakasleekin, ikasleekin eta gurasoekin batera». Gainera, horrez gain, berdintasun saila sortu eta diagnostikoa lantzen hasi zirenetik gaiari garrantzi handiagoa ematen zaiola udaletxean nabaritu du berdintasun zinegotziak: «Hirigintzan, adibidez, pausoak ematen ari dira, herriko puntu ahulenak identifikatzeko, eta gainerako alorretan ere lan egiteko modua aldatzen hasi dela esan daiteke».

Biztanleria datuak

4.367 biztanle ditu Ibarrak, eta Tolosaldean 45.000 biztanle direla kontuan hartuta, eskualde osoaren %9,7 dira. Sexuaren arabera begiratuz gero, gizonezko gehiago dagoela ikusten da. Hain zuzen ere, 2.250 (%51,52) dira gizonezkoak, eta 2.117 (%48,47) emakumezkoak. Gazteen artean, hau da, 0-15 eta 16-65 adin tarteetan gizonezkoak dira nagusi, eta EAEn bezala, 66 urtetik gora emakume gehiago dira herrian.

%6,9 dira EAE kanpotik etorritakoak, eta horietatik gehienak Hego Amerikakoak (%26,27) dira. Marokoarrak (%24,6) daude ondoren, errumaniarrak (%21,61) gero eta portugaldarrak (%11,01) jarraian. Etorkinen kasuan ere gizonezkoak gehiago dira, baina, kasu honetan, aldea handiagoa da: %60,60 dira gizonezkoak eta %39,40 emakumezkoak. Diagnostikoan azaltzen denez, nazionalitateari begira marokoarren, errumaniarren eta portugaldarren artean gizonezkoak gailentzen dira, antza eskulanak erakarrita, eta aldiz, Hego Amerikarrak gehiago dira emakumezkoak, etxeko lanak eta adinekoen zaintzak erakarrita.

Langabezia datuei erreparatuz gero, EAEko batez bestekoaren gainetik dagoela Ibarra zehazten du azterketak, 331 langabeturekin. Emakumeak 180 dira eta gizonezkoak 151.

Udaletxea

Bestalde, udaleko langileen eta politikarien osaketa parekidea dela ondorioztatzen du diagnostikoak. Politikariei dagokienez, 6 dira emakumeak eta 5 gizonezkoak, eta langileak, berriz, 14 emakumezkoak eta 10 gizonezkoak. Azken hauek obra eta zerbitzuetan gailentzen dira, eta emakumeak idazkaritzan eta kontu hartzailetzan. Arduren banaketa ere parekidea da, eta mailari begiratuz, maila altu eta ertainetan emakumeak dira nagusi.

Kultura

Kulturaren alorrean emakumeak gailentzen dira. Kultur lantegietako irakasle gehienak emakumeak dira, eta ikasleak ere bai. Gauza bera gertatzen da liburutegiko erabiltzaileekin, emakume gehiagok erabiltzen baitute egunero liburutegia. Hamar musika talde daude herrian, eta talde mixtoak badaude ere, emakumezkoenak soilik diren taldeak ez daude. Festen antolaketan, berriz, emakume gehiago izaten dira, baina ekimenetan parte hartzerakoan kopurua berdindu egiten da. Kultur elkarteei begiratuz, horietako lehendakari gehienak gizonezkoak dira.

Kirola

Belabieta kiroldegiari erreparatuz, bazkide gehiago dira gizonezkoak (400) emakumezkoak (325) baino. Ikastaroetan, emakumeak dira nagusi, eta gizonezkoek pistak eta gimnasioa erabiltzen dituzte, batik bat. Eskola kirolean nesken eta mutilen parte hartzea nahiko parekatua da, baina, kirol elkarteetan, esaterako, arduradun gehienak gizonezkoak direla ikus daiteke.

Hezkuntza

Ibarrako Kukumiku haur eskolan 6 hezitzaile daude, guztiak emakumeak. Bertan aipatzen dutenez, amak izaten dira, gehien bat, haurra eskolara eraman eta jasotzeaz arduratzen direnak. Uzturpe ikastolan, berriz, 34 irakasle daude (26 emakume eta 8 gizon). Zuzendaritza taldea

5 pertsonek (3 emakume eta 2 gizon) osatzen dute eta zuzendaria emakumea da. Eskolako lantaldean beste 13 pertsona daude, autobus gidariaren, jangelako hezitzaileen eta garbiketa arduradunen artean, denak emakumeak.

Proposamenak

Herriko egoeraren diagnostikoa egiteko datuei nahiz memoriei erreparatzearekin batera, politikari, teknikari, eragile, elkarte nahiz herritarrekin bilerak eta elkarrizketak egin dituzte. Hala, diagnostikoarekin batera, ekimen proposamenak ere zehazten dira. Aurrekontuak egiterakoan, genero ikuspegia kontuan hartzea proposatzen da; berdintasun politiken inguruan teknikari eta zinegotziei oinarrizko formazioa ematea; berdintasun klausulak sartzea kontratazioetan, diru laguntzetan edota hautatze prozesuetan; herritarren eskaerak sexuaren arabera jasotzea; kirol arloan emakume gutxi ardura postuetan egotearen azterketa egitea; edota, parekideak diren parte hartze prozesuak sustatzea, besteak beste.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!