Udalak 1.500 poltsa berrerabilgarri atera ditu herriko merkatarien logoarekin

Imanol Garcia Landa 2013ko abe. 17a, 14:38
Bi helburu nagusirekin egin dira poltsak: batetik herriko merkatarien logo berria azaltzen da, eta hori herritarren artean zabaltzeko medio bezala pentsatu da; beste helburua ahalik eta hondakin gutxien sortzea da eta herritarrei poltsa hauek erabiltzera bultzatu, plastikoen sorrera gutxitze aldera.

Gabonak ate joka ari direla eta, agerraldia egin dute Ibarrako Udalak, Ibarrako merkatarien eta ostalarien elkarteak eta Uzturpe Ikastolak. Merkatari elkarteko Itziar Artolak eskerrak eman dizkio udalari poltsa berrerabilgarriak elkartearen logoarekin egiteagatik.
Poltsa lortzeko modua Gabonetako kanpainarekin lotu dute. Aurtengo Gabonetako zozketan parte hartzeko bazkide diren dendak multzoka zerrenda batean aurkeztu zituzten. Zozketan parte hartzeko multzo horietako bakoitzeko denda batean erosketa bat egin beharko dutela bezeroek. Txartela osatzen duen orok poltsa berrerabilgarri bat lortuko du, horiek amaitzen ez diren bitartean. Azkeneko zigiluak lortzen duten saltokiko dendariak poltsa bat emango diete.
Bestalde, erosketak herrian egitea "oso garrantzitsua" dela esan du Artolak: "Gaur aurkeztu dugun ekimen hau eta antzekoak egin ahal izateko herrian komertzioak ditugulako egin baitaitezke, denon artean, talde eta eragile desberdinen artean lantzen baititugu gaiak eta gaurko emaitza hau honen ondorioa delako". Bezeroak ere ekimen horren partaide direla nabarmendu du Artolak.  

Kontsumoa aurreztea eta material birziklagarriz egindako apaingarriak
Ibarrako Udalak Gabonetan energia kontsumoa aurrezteko eta kutsadura luminikoa murrizteko konpromisoa berretsi duela azaldu du. Bestalde, kaleak eta erakusleihoak Uzturpe Ikastolako ikasleek egindako material birziklagarriz hornituko dituzte.
Ohiko Gabonetako argiak Euskal Herri kalean, San Inazio auzoan eta herriko plazan jarriko dira, abenduaren 20an piztuz eta urtarrilaren 7an itzaliz. Ordutegia berriz, 18:00etatik 19:30era izango da. Argiez gain, auzo desberdinetan Uzturpe Ikastolako ikasleek material birziklagarriz egindako apaingarriak jarriko dira. "Helburua, egunero eskuartean erabiltzen diren objektuei, hondakin bihurtzerako eta zakarrontzira bota aurretik, bestelako erabilpen bat ematea d", azaldu du Itziar Saizar zinegotziak. Aurten egindakoez gain, iaztik gordetako apaingarri asko ere berrerabiliko dira eta kaleez gain, Ibarrako Merkatari eta Ostalarien Elkartea osatzen duten saltokietako erakusleihoak ere, 3-5 urte arteko ikasleek egindako eskulanekin apainduak egongo dira.
Horretaz gain, aurten berrikuntza modura eta kaleak girotzeko asmoz megafonia ere egongo da. Iluntzero, merkatariek Gabonetarako bereziki prestatutako musika eta iragarkiak entzun ahal izango dira.
Ibarrako Udalak eskerrak eman dizkie ikastolako ikasle eta irakasle guztiei, "egindako lanarengatik eta baita Ibarrako Merkatarien Elkarteari ere gure ekimenarekin bat egiteagatik". Saizarrek gaineratu duenez, "udalarentzat oso pozgarria da herriko eragile desberdinekin elkarlanean aritzea eta hau bezalako ekimenak beste herrientzat eredu direla jakitea". Bere aldetik, merkatarien elkarteak ere eskertu die ikasleei, irakasleei eta ikastolari, herria eta komertzioak apaintzen laguntzen digutelako, eta ingurua girotzen laguntzen digutelako euren lan politekin".

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!