Urtarrilaren 7ra bitarte Ibarrako saltokietan erosten duenak txartel bat eskuratuko du. Bertan, herriko saltokiak bost multzotan banaturik azaltzen dira, koloreekin bereizturik: harategiak; janaridendak, arraindegiak eta liburudendak; belardendak, okindegiak eta tabernak; optikak, jantziak, ileapaindegiak eta telefonia; etxea, aseguruak, garajea eta inprenta.
Bada, multzo bakoitzeko denda batean erosketa egitean, saltzaileak salmentaren zenbatekoa idatzi eta dendaren zigilua edo sinadura jarriko du. Merkatari multzo bakoitzeko dendaren batean erosketa egin beharko da zozketan parte hartzeko, eta horrez gain, txartelaren goikaldeko datuak bete beharko dira, alegia, parte hartzailearen izena eta abizenak, telefono zenbakia eta herria. Bost saltoki multzoetan egindako erosketen batuketa, esaterako 150 euro bada, erosle horrek 150 euro irabazi dezake zozketan. Aitzitik, 500 eurokoa bada erosketen batuketa, 400 euro izango da saria, hori baita gehienez irabazi daitekeen kopurua.
Behin txartela behar bezala beteta dagoenean, denda bakoitzean egokituko den kaxaren batean sartu beharko da. Merkatarien elkarteak urtarrilaren 7an jasoko ditu txartelak, eta egun horretan bertan burutuko du zozketa.
Horrez gain, gaztetxoentzako ekitaldi bat ere antolatu dute Eguberrietarako. Datorren astean izango da, abenduaren 20an, 18:00etan, Kidam magoaren Txintxin magikoa ikuskizuna, kultur etxean.
Bestalde, Ibarrako Merkatarien elkarteak kaleak girotuko ditu aurtengo Gabonetan, megafoniaren bidez, eta euren iragarkiak izango dira entzungai.