Komikiak, bertsoak eta umorea batera, afari-txouan

Itzea Urkizu 2013ko abe. 6a, 10:00
Datorren ostiralean, abenduaren 13an, Galtzakomik komiki lehiaketako sari banaketa izango da. Horren harira, gauean afari-txoua antolatu dute Ibarran, Sendi Ekintza elkartean.

Umorea, bertsolaritza eta komikigintza edo irrimarrak uztartuko dituzte saioan, eta irrimarrak eta bertsoak bat-batean egingo dituzte gonbidatuek.

Batetik, Anartz Iturbe ariko da, euskarazko txisteak kontatzen; antolatzaileen esanetan, «hutsik zegoen espazio hau, eta euskarazko txisteekin betetzen ari da». Berarekin batera, Xabier Silveira bertsolaria ariko da afari-txouan, eta azkenik, Dani Fano eta Asisko Urmeneta komikigileak ere elkartuko dira aurreko biekin.
Fanok eta Urmenetak hasitako marrazkiari bertsotan erantzungo die Silveirak, eta alderantzizko prozesua ere egingo dute. Hau osatzeko, Iturbek txisteak botako ditu. Gaiei dagokienez, kirola, kultura, politika edo bertaratutako edonor izan daiteke jomuga.

Afari-txoura joateko txartelak 22 euroan daude, Sendi Ekintzan, Zubiaurren, Atarin, Alaien, Danon Txokoan eta Galtzaundi Euskara Elkartearen egoitzan. 21:00etan egin dute hitzordua.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!