Plazan estalpea jartzeko proiektua atzeratu egin du udalak

Tolosaldeko Ataria 2013ko abe. 4a, 21:35
«Gaiak duen garrantzia» kontuan hartuta, proiektuari denbora gehiago eskaini nahi dio

Ibarrako Udalak plazan estalpe bat eraikitzeko ireki duen parte hartze prozesuak izan duen harrera «ona» ikusita, proiektuari pentsatuta zegoena baino denbora gehiago eskaintzeko erabakia hartu du. Hori dela eta, proiektua datorren urtera arte atzeratuko dute.

Udaletik adierazi dutenez, jakitun dira horrelako proiektu batek herritarren artean duen garrantziaz, eta hasiera batean proiektua 2013an esleitzeko asmoa zuten arren, parte hartze dinamika luzatzeko erabakia hartu dute. Besteak beste, proiektu eta aurrekontu gehiago aztertu nahi ditu udalak eta parte hartze dinamika berrikusi eta hobetu asmo du.

Hala, aurtengo aurrekontuetan estalpea egiteko gordeta zegoen dirua beste proiektu batzuk finantzatzeko erabiliko dutela aurreratu dute. Hala nola, Uzturpe ikastolako aparkalekua asfaltatzeko, hilerriko hezurtegia berritzeko, Izaskun auzoan luiziak eragindako kalteak konpontzeko, Euskal Herria kalean espaloia zabaltzeko eta Txontxo ludoteka zaharrean balioanitzeko lokal bat egiteko obretarako.

Ibarrako Udalak estalpeaz hitz egiteko datozen asteetan egingo den bilerara gonbidatu nahi ditu herritarrak, eta bilera horretan bezala, egiten ari diren beste parte hartze prozesuetan ibartarren esku hartzea eskertu nahi du.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!