«Ezin naiz kexatu, lorpen handiak izan baititut belan, ia arlo guztietan»

Iñigo Terradillos 2013ko abe. 4a, 09:00
Nabigatzaile ibartarrak belauntzien estropadarik garrantzitsuena den Amerika Kopan parte hartu du italiar talde batekin; esperientzia «polita» izan dela azaldu du

Azken urteetan egun gehiago igaro ditu Euskal Herritik, eta bere etxetik urrun. Lur gainean baino itsasoan egun gehiago igaro dituela ere esan daiteke. 15 urterekin jantzi zuen munduko txapeldunaren domina estreinakoz, bere anaiarekin batera, eta ordutik hamaika aldiz errepikatu du, hirutan izan baita Munduko Txapeldun, eta urrea eta zilarra jantzi ditu Olinpiar Jokoetan. Bere hurrengo abenturan murgildu aurretik Xabi Fernandezek egun batzuk igaro ditu bere jaioterritik, Ibarratik gertu, eta Tolosaldeko Atariak bere lorpenez eta buruan dituen hurrengo erronkez berarekin solasteko baliatu du.  

Aspaldian ez zintugun etxetik ikusten.
Tamalez edo zortez azken lau edo bost urteetan etxe aldetik oso denbora gutxi egoteko aukera izan dut. Oso lanpetuta izan naizen seinale da hori, beraz, gauza ona dela ere esan daiteke. Hori bai, ahal dudan guztietan etortzeko ahalegina egin dut. Aukeratu dudan kirol honen ezaugarria da kanpoan derrigorrez denbora asko egin beharra.

Amerika Kopa izan da parte hartu duzun azken proba. Zer moduzko esperientzia izan da?
Azken urte eta erdia pasa dut Amerika Kopan murgilduta. Hasieran bertarako entrenatzen, eta ondoren lehiatzen. Lehen aldiz hartu dut parte bertan, eta esperientzia polita izan da. Talde italiar batekin aritu naiz. Emaitzari begiratuta, ez da gustatuko litzaidakeen bezain ondo joan, esan moduan, esperientzia bezala, oso ona izan da. Duela hilabete pasatxo bukatu genuen proba hori, eta orain zain gaude, etorkizunean zer egin erabakitzen.

Amerika Kopa belauntzien estropadarik garrantzitsuena da, eta bertan parte hartu duen euskaldun bakarra zu izan zara.
Batetik Amerika Kopa dago, bestetik, Olinpiar Jokoak, eta azkenik Volvo Ocean Race Munduari Bira. Hiru horiek dira bela munduan proba edo hitzordu nagusiak, beraz, poztekoa da horietan parte hartzeko aukera izatea.

Probarako prestatzen denbora asko egon zara, eta besteak beste Zeelanda Berrian egin dituzu entrenamenduak.
Bai. Sei hilabete egin genituen bertan, nik eta taldekideek. Azken sei edo zortzi hilabeteak Estatu Batuetan egin ditugu, hain zuzen ere, estropadak jokatu diren San Frantzisko hirian.  

Zeelanda Berrira familia osoarekin joateko aukera izan duzu.
Emazteak eszedentzia eskatua zuen lanean, beraz, hara joateko aukera izan du haurrekin. Estatu Batuetako egonaldian, ordea, bakarrik egotea egokitu zait.

Gogorra egingo da familiatik aldenduta epe luzeak igaro behar izatea.
Bai, eta alboan dituzularik guztia errazago eramaten da, baina, jakitun naiz batzuetan posible dela eta besteetan berriz ezin dela. Nire kirolaren punturik gogorrenetakoa hori da, ez daudelako gure herritik gertu proba horiek. Geroz eta gogorrago egiten da, gainera, haurrak ere handitzen doazela ikusten duzulako. Nabigatzaile batzuek beti familiarekin joatea erabakitzen dute, baina guk horrela egitea erabaki dugu. Bakoitzak bere egoera duelako. Beraz, posible denean familia joaten da, eta ezin denean, bakarrik egon behar.

Olinpiar Jokoetan urrea eta zilarra, eta Munduari Bira proban bigarren postua lortuak dituzu. Arantzarik geratu al zaizu?
Esperientzia oso onak bizi izan ditut bi probetan. Munduari Biran ez dugu irabazterik izan, eta horregatik pena sentitzen dut, beraz, ea etorkizunean lehen postu hori lortzeko aukera dugun. Dena den, ezin naiz kexatu; Iker Martinez hondarribiarrarekin batera lorpen handiak izan ditugu bela munduan, ia arlo guztiak ukituz.

Abentura bat amaitu berritan, bazoaz berriro ere beste proba batean parte hartzera.
Malaysian jokatuko den nazioarteko estropada batean parte hartuko dut. Amerika Kopan parte hartu dudan italiar taldearekin egongo naiz han. Urteko azken estropada izango da, beraz, ea maila ona emateko moduan garen. Handik itzultzean, urtea amaitu bitarte entrenamenduak izango ditut.

Hurrengo urtean ere proba honetan parte hartuko al duzu?
Ez dago oraindik erabakita, baina, aukerak hor daude. Oraindik italiar taldearekin hitzartutako estropada batzuk egitea geratzen zait. Horrez gain, Munduari Bira proba ere hurrengo urtean izango da. Beraz, bi aukera izan ditzaket mahai gainean, Munduari Bira edota, Amerika Kopa, baina oraindik ez dago ezer erabakita. Gainera, hemen ere, gauzak ez daude batere errazak.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!