Ibartarrak berak azaldu zuen herenegungo bilkuran bere egoera. Hala, etxegabetuko dutela esanez banketxearen gutuna iritsi zaiola kontatu zuen, oraindik epearen berri ez duen arren. Senarrarekin batera erosi zuen etxebizitza, banandu egin ziren, eta senarra kaudimengabe deklaratu ostean, zor guztia berarena izatera pasa da: «Nik ezin dut nire gain hartu, bost urteko semea daukat, eta gainera, une honetan, langabezian nago», esan zuen. Horregatik, eskatu du etxebizitza ordainean emanez zorra kitatzea.
Nova Caixa Galiciarekin —lehengo Caixa Galicia— du hipoteka. Ibartar kaltetuaren abokatuak dituen aukeren berri eman zuen: «Berriro epaitegira eraman daiteke auzia, handik konstituzionalera, eta bestela Estrasburgora eramatea izango litzateke bidea, baina oso zaila da hori, eta gainera, lege berriaren ondorioz, epaiketa gastuen zati bat ordaindu beharko luke. Babesgabetasun egoeran dagoela akreditatzea litzateke beste aukera, edo bestela, zorraren luzamendua eskatzea, baina, handituz joango litzateke zorra, beraz, ez da biderik egokiena». Horregatik, etxea ordainean ematea, eta duen zorra kitatzea da ikusten duten aukerarik egokiena.
Ibarrako Udalak onartu duen mozioaren arabera, gogora ekartzen du etxebizitza eskubidea eskubide soziala dela. Bestetik, salatu nahi du «eskandaluzkoa dela erreskatetik etekina ateratzen ari diren edo aterako dituzten bankuek herritarrak etxerik gabe uzten jarraitzen dutela». Halaber, udalak etxegabetzea nozitu duten herritarrei eta egoera horren arriskuan daudenei informazioa eta laguntza emateko baliabideak jarriko ditu, eta dagokion finantza erakundearekin harremanetan jarriko da etxegabetzea ekiditeko helburuarekin. Horrez gain, udalak etxegabetzea salatu eta haien aurka lanean ari diren eragileekin elkarlanean aritzeko prest agertzen da.