Babarrunaren Eguna berrikuntza eta guzti dator

Asier Imaz 2013ko azaroaren 20a

Azaroaren 24ean, igandean, Ibarrako IV. Babarrunaren Lehiaketa Gastronomikoa jokatuko da 09:00etatik aurrera.

Ibarrako Babarrunaren Eguna azaroaren 24ean ospatuko da, Hauspoa elkartearen eskutik. Egitaraua 09:00etan jarriko dute martxan, eta ordu horretan herritarrak prestatzen hasiko dira; babarrunak hobekien prestatzen dituenak saria izango du, lehiaketa izaki.
11:00etan Ibarrako II. Haur eta Gaztetxoen Sokatira Lehiaketa jokatuko da. Bi mailatan sailkatuko dituzte zortzi lagunez osaturiko neska-mutil taldeak.
Goizean zehar, babarrunarekin prestatutako munduko jakiak dastatzeko aukera izango da, Tolosaldean bizi diren etorkinen eskutik. Bertako babarruna beste herrialdeetan nola prestatzen duten ikusteko aukeraz gain, beraz, dastatzekoa ere egongo da.
12:00etan iritsiko da berrikuntza nagusia. Sagardoa ondoen nork atera Ibarrako I. Txapelketa jokatuko da. Parte hartzaileek sagardoa ateratzen euren abilezia erakutsi beharko dute. Bien bitartean, txorizoa sagardo erara jateko aukera izango da. Sari banaketa ekitaldien ondoren, Belabieta kiroldegian babarrun jatea hasiko da.

Lehiaketa gastronomikoa
Ibarrako IV. Babarrun Lehiaketa Gastronomikoa igandean izango da, baina izena emateko aukera oraindik zabalik da. Horretarako epea bihar amaituko da. Zubiaurre, Txumitxa, Atari eta Sendi Ekintza tabernetan jarri dituzte zerrendak. Lehiaketan parte hartzeko ibartarra izan behar da, eta banaka nahiz bikoteka atera ahalko dira. Irabazleak txapela eta Karlatz tabernan gastatzeko 100 euro jasoko ditu. Gehienez, 22 parte hartzaile egongo dira.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!