Babarrunaren Lehiaketan parte hartzeko aukera

Iñigo Terradillos 2013ko aza. 13a, 17:55

Hauspoa kultur elkarteak Babarrun jate herrikoia antolatu du azaroaren 24rako. Egun horretan hainbat ekitaldiz osaturiko egitaraua izango da, eta tartean, laugarren urtez egingo duten Babarrunaren Lehiaketa Ibartarra. Ibarrako Belabieta pilotalekuak hartuko du ekimena.

Goizean goiz hasiko dira sukaldariak babarrunak prestatzen. Hain zuzen ere, 09:00etatik aurrera hasiko dira lanean parte hartzaileak, eta 13:00etarako aurkeztu beharko dizkiete eltzeak epaimahaia osatuko duten kideei.

Lehiaketan ibartarrek soilik izango dute parte hartzeko aukera.  Gehienez 22 parte hartzaile izango dira, banaka nahiz bikoteka. Antolatzaileek partaide bakoitzaren esku jarriko dituzte sukaldea, gasa, ura eta babarrun kilo bana. Gainerako osagaiak eta ontziak norberak jarri beharko dituela azaldu dute Hauspoa elkartetik.

Epaimahaiak irabazle bakarra izendatuko du, eta izendapen hori apelaezina izango da. Irabazleak txapela eta Ibarrako Karlatz tabernan gastatzeko 100 euro irabaziko ditu.

Gainerako parte hartzaileei dagokienez, gonbidatuta egongo dira lehiaketaren ostean egingo den herri bazkarira.

Babarrunaren IV. Lehiaketan parte hartu nahi dutenek Zubiaurre, Txumitxa, Atari eta Sendi Ekintza tabernetan izango dute izena emateko aukera. Datorren osteguna, azaroaren 21a baino lehen egin beharko da, eta sukaldeak izen emate hurrenkera jarraituz banatuko dituzte.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!