Auzotarrek euren artean antolaturiko ekitaldiekin burutzen ari dira. Dianak iragarri du festaren hasiera, eta orduan hasi dira merkatu txikiarekin. Ondoren, gaztetxoek auzoan egindako jokoekin jolasteko aukera izan dute. Bazkaltzeko unean 180 lagun inguru bildu dira. Bertan ere, auzolana nabarmendu dute, "guztiek, gaztetxoenentik hasi eta helduetara lagundu baitute". Bazkalostean, bestalde, bi kantu saioz gozatzeko aukera izan dute, batetik, Xantos kitarrarekin, eta bestetik, Belarmiñak taldea. Biak, auzotarrak. Kantu saioen ondoren, berriz, DJaren musika izango dute Ibarrako Azkue auzokoek. Gauean emango diote amaiera egun osoko jaiari, eta orduan ere, auzolana izango da protagonista, guztien artean egin beharko dute garbiketa. Berezitasunik ere izan du Azkue Egunak, izan ere, auzotarrek aipatu duten moduan, Jexux Peñagarikano Ibarrako alkateari atseden eman diote egun batez, euren ikurra den astoa jartzeko haren ordez.