Egungo beharretara egokitu nahi dute Ibarrako behe solairuen erabilera

IƱigo Terradillos 2013ko urr. 30a, 10:00
Ibarrako behe solairuen inguruko azterketa egin eta araudia zehaztu asmo du udalak. I.G.L.
Udalak azterketa egin du eta herritarrekin proposamenak partekatuko ditu, azaroaren 7ko bileran.

Ibarrako Udala herriko behe solairuen erabileren inguruko azterketa egiten ari da. Ibarrako zonalde ezberdinetan behe solairuetan eman daitezkeen erabilerak adostea eta bultzatzea, gaur egungo beharretara egokitzea eta gutxieneko baldintzak eta betebeharrak zehaztea eta arautzea izango du helburu ekimenak.
Fase desberdinetan ari dira burutzen azterketa. Lehen fase batean, lokalen ikuskatzeak egin dituzte, beharrezko datuak bilduz. Bigarren fasean, emaitzak azaldu eta arauen proposamenak egiteko bilerak egingo dituzte herritarrekin. Lehen bilera azaroaren 7an izango da, Ibarrako kultur etxean, 18:00etan. Azken fasean arauen proposamenak aurkeztuko dituzte.
Itziar Agirrezabala udaleko arkitektoak azaldu duen moduan, lan talde bat egiten ari da behe solairuen inguruko azterketa teknikoa. «Lokalek dituzten ezaugarriak aztertu dituzte, eta horien arabera izan ditzaketen erabilerak zehaztu». Erabilera horiek kokagune edo ingurunearen arabera egokiak diren ikusi, eta mapa batzuk garatu dituzte proposamenekin. «Horietan zenbait erabilera zein zonaldetan ikusten diren onargarri dago islatuta», azaldu du Agirrezabalak. «Batzuetan izan daiteke merkataritzarako erabilera bultzatzea, eta beste batzuetan, ikusita auzo lasaiagoak direla, agian etxebizitzarako erabilera bultza daiteke».
Zein auzo edo zonaldetan zer erabilera bultzatu nahi dituzten ikusi edo eztabaidatuko dute herritarrekin, lehen bilera horretan. Ibarrako herritar guztiak daude deituta, eta «ahalik eta herritar gehien biltzea espero dugu, ekarpen eta iritzi ugari jasotzeko».
Erregulatzea
Behe solairuena ibilbide luzea duen gaia da Ibarrako udaletxean. «Lokalen erabilerarekin zerikusia duten eskaera ugari jaso izan ditugu azken urteetan, eta araututa ez dagoenez kasu askotan ezezko erantzunak eman behar izan ditugu», dio Ibarrako udaletxeko arkitektoak. Hori izan da, beraz, azterketa egitearen helburuetako bat, arautzea. Bestetik, arkitektoak dioenez, lokal huts ugari daude, eta onartuak dauden erabilerak berrikustea ere ezinbesteko ikusi dute. «Behe solairuek kanpoan duten eragina handia da, bizia ematen dutelako, eta hori ere aintzat hartu dugu».  
Behe solairuei etxebizitza erabilera ematea Argindegi eta Guridi inguruan dago onartua, soilik, gaur egun. Ondorioz, herritarren batek gisa horretako eskaeraren bat egiten bazuen herriko beste zonalde baterako, ezezkoa jasotzen zuen udaletik. «Orain, eskaera horiei erantzun egokia emateko aukera dugu». Egin duten azterketaren ostean, erabilera hori zonalde gehiagotara zabaltzea posible dela uste du udalak, San Inazio edota Azkue auzoetara, esaterako, «teknikoki ez baita eragozpenik ikusten». Beraz, martxan jarri duten prozesu hau lehen pausoa litzateke erabilera hori hedatzea onartu eta arautzeko.
Etxebizitza erabilera ematea bezala, beste jarduera bat gazte lokalena litzateke. Hori arautu gabe dago, eta prozesu honetan lokal horiek izan behar dituzten baldintzak eta ezaugarriak araututa utzi nahi ditu udalak.
Erabilerak erregulatzeaz gain, herrian dauden lokal hutsei erabilera eman nahi dio udalak, egin duten azterketetan lokal huts asko dagoela ondorioztatu baitute.
Prozesuaren jarraipena
Proposaturiko erabilerak nola gauzatu daitezkeen aztertuko dute bigarren bileran. «Inguru batean dauden jardueren arabera aurki ditzakegun oztopoak aztertu beharko ditugu, esaterako». Hirugarren bileran, berriz, emaitzak aurkeztuko dituzte.
Prozesua aurrera eramateko, Eusko Jaurlaritzak ikuspegi sozialetik hirigintza arauak aztertzeko ematen dituen diru laguntzak jaso dituztela nabarmendu dute.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!