Aitor Arevalo: «Ikaragarri gustatzen zait, eta horregatik eskaintzen diot denbora»

Julen Telleria 2013ko urr. 29a, 18:00
2.B mailan bigarren entrenatzaile moduan aritu ostean, eskarmentu handiarekin iritsi da Arevalo Ibarrara

Ibarrak aspaldidanik izan du areto futbolerako zaletasuna, eta noski, gaitasuna. Aurten berriz ere 2.B mailara igota, erronka berri baten aurrean da Lauburu taldea. Erronka hori kudeatzen eta gidatzen, berriz,  Aitor Arevalo (Amasa-Villabona, 1988) entrenatzaile berria. Betidanik gustatu izan zaio futbola, beste askori bezala. Baina jokalari izatetik, entrenatzaile izateko erabakia hartu zuen behin, beste askok ez bezala. Frikitik ere zertxobait baduela aitortzeko beldurrik gabe, bere lanari jartzen dion pasioa erraz antzematen da bere hitzetan.

Futbola horrenbeste gustatuta… zergatik entrenatzaile?
Behar bada, futbolari moduan nahiko txarra nintzelako edo. Horregatik, aldaketa egin eta kantxatik aulkira pasa nintzen. Oso gaztetan gainera, 16 urterekin ia talde bat zuzentzen ari nintzen. Villabonako talde gazteak gidatu nituen aurrena, eta 19 urterekin 3. mailan nengoen jada. Beranduago, Elgoibarren egin nuen 2. B-ra saltoa, bigarren entrenatzaile moduan. Baina benetako erronka aurtengoa da, lehendabiziko entrenatzailea bainaiz maila honetan lehenbizikoz.

Zer behar da entrenatzaile ona izateko?
Nire ustetan, garrantzitsuena, egunero formakuntza prozesu batean hobetzen joatea da. Eta, noski, berezkotik ere gaitasunik izanez gero, hobe. Kasu honetan, esango nuke friki puntu bat izatea ez dela batere txarra.

Eta frikia al da ba Aitor Arevalo?
Egia esan, ikaragarri gustatzen zait kirol hau, eta horregatik eskaintzen diot horrenbeste denbora. Asteburuan bideo asko ikusi ohi ditut, gure taldearenak, aurkarienak, lehenengo mailakoak… Zaletasuna izanez gero, hala ere, ez da horrenbeste kostatzen.

Ligako entrenatzaile gazteena izateak, zertan eragiten dizu?
Ez dit bereziki eragiten, izan ere, 16 urterekin hasi nintzen entrenatzen, eta dagoeneko nire 9. urtea da. Denbora honetan guztian sekulako esperientziak bildu ditut, Elgoibarren, adibidez, jokatutako guztia irabazi genuen, eta orain, nire esanetara daukat talde oso bat. Eskakizun maila altua da Ibarrakoa, nahiz eta nire ustetan garrantzitsuena jokalariak prestatzea eta harrobiko lana egitea izan, horrela, lehenengo taldera ahalik eta jende gehien iritsi dadin.

Nola hartu duzu erronka berri hau?
Ilusio askorekin. Hasiera batean zaila ikusten nuen, hona iritsi nintzenean aurreko entrenatzaileak bi urtetan bi liga irabazi zituelako, eta nik ez nekielako taldeak zer nolako bilakaera izango zuen maila berrian. Aldaketa dezente egon dira, gainera, nigandik hasita, eta gaur egun taldea oraindik ere aldaketa horiek pairatzen ari da. Egokitzapen fase batean murgilduta gaudela esan daiteke, baina iruditzen zait, iritsiko garela lortu beharreko mailara. Denbora izango da testigu.

Eta Ibarrako taldeak nola hartu zaitu zu?
Egia esateko, oso ondo. Jendea gogotsu nabaritzen dut, entrenamenduetan eta ondo aritzen dira jokalariak, baina egia da, oraindik ez dutela begi oso onez ikusten nik errieta egitea, edota deialdi batetik kanpo uztea. Bestalde, normala ere iruditzen zait, taldekide batzuk nire adinkideak direlako, eta nirekin batera ere jokatu izan dutelako aspaldian. Baina, oro har, ondo barneratuta daukate nire postua zein den eta errespetua erabatekoa da. Gainera, horrek berak ere entrenamenduetan daukaten dena ematera bultzatzen dituela uste dut, lehia badago, eta hori ikaragarri ona da.

Nola definituko zenuke zure taldea?
Egia esan, ez daukat talde txarra, baina goran ibili ahal izateko zerbait falta zaigu oraindik ere. Taldeak  oso ondo egiten du lan, baina oldarkortasun puntu bat falta zaigu, bereziki kanpoan. Denboraldi hasiera honetan, gainera, baja batzuk ere izan ditugu, eta taldea dezente nabaritzen ari da horien falta. Lehendabiziko emaitzak ez dira espero bezain onak izan, baina taldeak poliki-poliki gorantz egin eta ziur naiz maila ona emango duela.

Ze giro daukazue aldagelan?
Izugarria, oso ona. Elgoibartik lau jokalari ekarri genituen, horietatik bi ibartarrak gainera, eta Lezo eta Pasaiatik ere beste bana etorri dira. Hasiera batean, egia da beldur pixka bat bagenuela, taldean nola integratuko ote ziren jakiteko, baina zentzu horretan guztia oso ondo joan da, harrera bikaina izan dute. Eta, noski, aldagelatik kanpo ere harremana primerakoa da. Tarteka afariak eta horrelakoak egiten ditugu, asko balio dutelako taldeko giro ona elikatzeko. Hala ere, nik beti esaten dut irabaziz gero ondo dagoela ospatzea, baina galdutakoan etxera joan behar dela [barreak].

Zein da denboraldi hasierako balantzea?
Sei partidu jokatu ditugu, horietatik bi irabazi, hiru galdu eta bat berdindu. Entrenatzen oso ondo ari gara, horretan ez daukat inolako kexarik, baina lesioekin ari gara zorte txarra izaten; 15 jokalariko talde batean, zortzi edo bederatzi dauzkagu jokatzeko moduan. Egoera hau aurredenboraldi kaxkar baten ondorio izan liteke, ez dakit, baina zentzu horretan ez gaude oso pozik egoteko moduan.

Nolako urtea espero duzue?
Gogorra izango dela pentsatzen dut. Gure aurkariek ikusten zuten Ibarra goian ibiltzeko moduko taldea izango zela, baina nik hasieratik esan izan dut aldaketa asko izan ditugula, entrenatzailea, joko sistemak, areto futbola ulertzeko modua… Horregatik,  orain gertatzen ari zaigun hau guretzat ona dela iruditzen zait, berritasun horiez jabetzeko. Aldaketa nabarmenena entrenamenduetan ematen da, eta horretan jokalari batzuk ohituta zeuden baina beste batzuk ez, eta denek barneratu behar izan dute gogor entrenatu eta lehiatzearen joera hori.

Azken helbururik?
Aurten behintzat, maila mantentzea izango da helburu nagusia. Mantendu, eta ahalik eta denboraldi borobilena osatzea. Taldea hobetzen ari da pixkana, eta defentsako lana indartzen dugunean, gehiago aurreratuko dugula iruditzen zait. Hala ere, denboraldia luzea izango da, eta beste arazo batzuk ere sortuko dira, ziur.

Zein da hori lortzeko gakoa?
Gakoa, esango nuke, etxean daukagula. Etxean jokatzen dugunetan oso indartsu aritu beharra daukagu, eta ahalik eta partidu gehien atera beharra dauzkagu aurrera. Momentuz behintzat, oso ondo jokatu dugu etxeko partiduetan, maila ikaragarria eman dugu, eta etxetik kanpo gure lana egitea apur bat kostatzen bazaigu ere, afizioaren aurrean portatuz gero, gauzak ondo joango zaizkigulakoan nago.

Afiziorik ba al dago?
Egia esan, areto futbolak ez du horrenbeste jende mugitzen, eta hori pena bat da. Gogoan dut orain dela 10 bat urte, Ibarra bigarren B mailan aritu zenean, nola mugitzen zituen sekulako jendetzak herrian bertan. Orain ere batzuk animatzen dira, lagunak, senitartekoak… baina gehienez ere 150 bat lagun elkartzen gara, eta ez legoke batere gaizki garai haietan bezala 400 edo 500 zale elkartzea. Hori ere izan liteke aurtengorako beste helburu bat.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!