Abian da VI. Galtzakomik Lehiaketa

Iñigo Terradillos 2013ko urr. 4a, 16:16

Galtzaundi Euskara Taldeak antolatuta, seigarrenez egingo dute aurten Ibarra Galtzakomik Komiki Lehiaketa. "Euskarazko komikigintza sustatzea eta idazmena eta sormena euskaraz lantzea" helburu du helburu ekimenak. Lanak azaroaren 25a baino lehen aurkeztu beharko dira Galtzaundin bertan. Lehiaketaz gain, Afaritxoua antolatu dute, "euskarazko komikigintza herritarrei gerturatzeko, abenduaren 13an, Ibarrako Sendi Ekintzan.

Seigarren urtea du lehiaketak, eta antolatzaileek azaldutakoaren arabera, Galtzakomik "egonkortutako lehiaketa da". Horren erakusle da urtero Euskal Herriko txoko ezberdinetatik bidalitako 200 komiki inguru jasotzen dituztela.

Ekimen honen bitartez, euskarazko komikiak egiten dituzten egileei, beren lanak erakusteko aukera eskaintzen die Galtzaundik. "Komikigintzan interesik duen edonorentzako erakusleiho bat da: egile berriak ezagutzeko, eginik bainan azaldu gabe dituzten komikiak aurkezteko,...", adierazi dute.

Era berean, Tolosa mailan beste xede bat ere baduea lehiaketak azaldu dute: "ikasleen artean euskararen erabilpena bultzatzea, eta komunikaziorako teknikak lantzeko aukera bat eskaintzea: komikietan istorioa antolatu egin behar da, zatitu, dialogatu eta ondoren historiari edo pertsonaiei dagokien hizkera egokia erantsi; askotan informala, kalekoa. Horregatik, ikastetxez ikastetxe lantzen den egitasmoa da".

Urtero moduan, parte hartzaileen komikiak baloratzeko, "goimailako" epaimahaia bildu dute: Jose Luis Longaron, Joseba Antxustegietxarte, Koldobika Jauregi, Juanba Berasategi, Kike Amonarriz eta Tolosako Box.ako kideak. istorioaren zuzentasuna eta ulermena, marrazkiaren bizitasuna eta originaltasuna, idazmena, garbitasuna eta marrazketarako erabili den materiala izango dituzte kontuan. Lanak, berriz, azaroaren 25a baino lehen aurkeztu beharko dira, Galtzaundiren egoitzan (Galtzaundi Euskara Elkartea, Nafarroa etorbidea 6, 20.400 Tolosa).

Sari politak eskuratuko dituzte irabazle suertatzen direnek. 18 urtetik gorakoen sailean, irabazleak 600 euro jasoko ditu sari moduan eta komikiaren argitalpena, eta bigarrenak, 400 euro. Aipamen bat ere izango da, eta marrazketarako materiala eta 100 euroko opari txekea jasoko du. 12 urtetik 18 urtera bitarteko sailean, 400 euro jasoko ditu irabazleak, 200 euro bigarrenak, eta bi aipamen izango dira, komiki bilduma banarekin. 12 urtez azpikoen sailean, lehenak komiki bilduma eta marrazketarako materiala jasoko du, eta 4 aipamen izango dira, komiki bilduma banarekin.

Galtzaundiren ustez, lehiaketa aukera "polita" da, ez bakarrik alde grafikoa, baizik era linguistikoa ere lantzeko: "Lehiaketa honetan grafismoak bezain besteko garrantzia du erabiltzen den hizkuntzak, euskara talde batek bultzatutakoa izanik, euskararen erabilera da epaitzen den aspektu garrantzitsuetako bat".

 

Bestalde,  lehiaketarekin batera, "Galtzakomik eta euskarazko komikigintza herritarrei gerturatzeko", Afaritxoua antolatu asmo dute abenduaren 13an, Ibarrako Sendi Ekintza elkartean. Bertan, bi komikilari eta bi bertsolari aurrez aurre jarriko dituzte, "bertaratutakoak jopuntuan jarri eta marrazketa eta hitza jolas, afari umoretsua egiteko".

Galtzaundik eskerrak eman dizkie Galtzakomik eta Afaritxoua antolatzea posible egin duten guztiei: "Ibarrako Udala, Tamayo paper denda, Mahala baserriko produktuak, Ibarrako merkatarien elkartea, Erein argitaletxea, Xabiroi argitaletxea eta Ibarrako Sendi Ekintza elkartea".

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!